Osasuna-Real Madril partidan irainak salatu ditu Ligak

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 12a, 17:51

Real Madrilen, bere jarraitzaileen eta Sergio Ramos kapitainaren aurkako irainak entzun zirela ziurtatzen du Ligaren idazkiak.

Futbol Profesionaleko Liga Nazionalak salaketa idatzi bat igorri dio Espainiako Futbol Federazioaren Lehiaketa Batzordeari salatuz Sadarren abesti bortitzak eta iraingarriak egin zirela Osasuna-Real Madril partidan.

Norgehiagokaren zenbait unetan Real Madrilen, bere jarraitzaileen eta Sergio Ramos kapitainaren aurkako irainak salatu ditu Ligak. 400 zale inguru zirela zehazten du idazkian, eta hegoaldeko hondoan, harmaila baxuan, 12. eta 13. sarbideen artean, '1987' eta 'Lizarra' leloak zituzten pankarten atzean zeudela.

37. minutuan, atzelari andaluziarraren golaren ospakizunean, harmailatik metxero bat jaurti zutela ere gaitzetsi du LIgak. Zehaztu duenez, etxeko jokalari batek berehala jaso zuen objektua eta zelaitik kanpo utzi zuen.

Ligak dioenez, Albaceteko jokalari Roman Zozulyaren aurkako kantak ere izan ziren, Rayo Vallecanoren aurkako partidan sufritu zituenen antzekoak. Orduan, atsedenaldian bertan behera utzi behar izan zuten partida, arrazoi horrengatik.

38. eta 78. minutuetan Osasunak "estadioko megafoniaren bidez mezu bat" igorri zuela zehaztu du Ligak, "errespetua eta kiroltasuna eskatuz". Nafarroako taldeak indarkeria prebenitzeko hartutako neurriak gogorarazi ditu idazkiaren bidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!