Sanferminak antolatzeko udal teknikariak ingelesa eta frantsesa jakin beharko du, ez ordea euskara

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 8a, 14:07

Iruñekoa “nazioarteko jaia” dela argudiatu du Navarra Sumak, lanpostu berriaren hizkuntza profila justifikatzeko

Gaztelania, ingelesa eta frantsesa bai, baina euskara ez du jakin beharko Iruñeko Udalak sanferminak antolatzen laguntzeko kontratatuko duen udal langile berriak. Hala azaldu du Maria Garcia Barberena Navarra Sumako zinegotziak, sanferminen mahaiari buruz mintzatzeko egindako agerraldian.

Zinegotzi erregionalistak iragarri zuen teknikari berri bat kontratatuko dutela, sanferminak “birpentsatzeko” eta egun “sanferminak antolatzeaz eta beste hainbat gauzaz” arduratzen den teknikariaren lan gainkarga arintzeko. “Sanferminen aldeko apustua da”, esan zuen.

Geroa Baiko zinegotzi Javier Leozek lanpostu berri horren hizkuntza profilaz galdetu zion Garcia Barberenari, ingelesa eta frantesa eskatuko baitiote, ez ordea gaztelania. “Ingeles eta frantses profila eskatzen da, nazioarteko festa delako. Ez dakit jabetu zaren”, erantzun zion Navarra Sumako hautetsiak. “Jakina badakigula festa herrikoia ez ezik nazioartekoa dela. Eta perfektua iruditzen zaigu ingelesa eta frantsesa baloratzea. Baina iruindarrekiko gutxieneko errespetuagatik euskara ere baloratzea gustatuko litzaiguke”, izan zen Leozen arrapostua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!