Ikasleei egiten zaizkien azterketen artean bada mundu mailan oso ezaguna den bat: Ikasleen Ebaluazio Integralerako Programaren txostena edo PISA izeneko txostena, ingeleseko siglak kontuan izanik. Hori da Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGE edo OCDE) hiru urtero egiten duen azterketa. 15 urteko ikasleen artean egiten da. Ikastetxe batzuk hautatzen dira eta haiek dira matematiketan, zientzietan eta irakurmenean dituzten gaitasunak erakutsi behar dituztenak. Iaz egin zen azken froga eta hilabete honen hasieran, abenduaren 3an, haren emaitzak argitaratu dituzte.
PISA txosten honetan Nafarroak Estatuko emaitzarik onenak lortu ditu matematiketan, 503 puntu lortuta, baina 2015eko datuekin alderatuta, nafar ikasleek puntu gutxiago lortu dituzte bai matematika baita zientzietan ere. EAEn, aldiz, hobekuntza izan da bi alorretan. Irakurmenaren azterketetako emaitzak ez dituzte ezagutzera eman, espainiar estatuan hainbat irregulartasun antzeman dituztelako. Oro har, Espainiar Estatuko ikasleek emaitza txarragoak izan dituzte PISA txostenean.
Datu hauen azterketa egiteko Aitzol Lasa gonbidatu dugu gurera. Bera matematikaria da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea eta liburu interesgarri baten egilea: Zirkulu polarraren koadratura, iaz argitara eman duena. Bertan Hezkuntzarekin lotutako hainbat jorratzen ditu eta alderaketa zehatza egiten du hemen Euskal Herrian dugun edo ditugun hezkuntza sistemak eta Finlandiako sistemaren artean. Askotan goraipatzen da Finlandiako eskola sistema eta arrakasta horren oinarrian zer faktoreak dauden ulertzeko oso erabilgarria da, hain zuzen ere, liburu hau.
Lan honetako atalak banan-banan aztertzeko aukera izan dugu hemen Euskalerria Irratian egilearekin berarekin. Gaur Pisari buruz solas egiteko propio, egin dugu hitzordua.