Iruñeko emakumeen etxea zabalik da jadanik

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 2a, 08:23

Emakume talde eta eragileendako gune, hiriko emakume ezberdinen topaleku eta berdintasun dinamikak martxan jartzeko tokia izanen da Emakumeen Etxea. Duela bi urte, aurreko Udal Gobernuarekin, jarri zen martxan egitasmoa. Aoiz kaleko 9. Zenbakian dago kokatuta, Pablo Sarasate musika kontserbatorioa zegoen tokian.

Eskaintza zabalarekin zabaldu ditu ateak Emakumeen Etxea Ikagelak, bilera aretoak, ariketak egiteko guneak.. prest dira. Datozen hilabeteotan autodefentsa tailerrak, feminismo ikastaroak eta sexualitate mintegiak antolatu dituzte beren arduradunek. Horretaz gain, sare sozialetan argazki eta bideoak argitaratzeko tailerra eta argazki erakusketa bat ere antolatu da. Informazio guztia https://www.pamplona.es/la-casa-de-las-mujeres eta info@casadelasmujerespamplona.es emailean.

Bi urteko lanaren ostean martxan da Emakumeen Etxea. Hiriko eragile feministak elkartzeko gunea izanen da, elkarrekin koordinatu, ekimenak sustatu eta beste talde zein administrazioarekin elkarlanean jartzeko tokia izanen da. Bertan izanen dute topaleku hiriko emakume ezberdinek, beren talde eta kolektiboek. Kudeaketaren inguruan hika mika egon da, autogestioaren aldeko apostua egin baitzuen aurreko Udal Gobernu taldeak, bainan behin Navarra Suma poterera heldu dela, Iruñeko Udalak ere Emakumearen Etxearen gestioan parte hartuko du.

Gaur, asteazkena, eta bihar, ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte Emakumeen Etxea ezagutzera emateko. Ostiralean, manifestazio festa eginen dute etxearen inguruko kaleetatik. Merendua, bakarrizketak eta jaia izanen dira arratsaldeko bost terdietatik aurrera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!