“Iruñeko ordenantzak nahitaez euskarazko zerbitzua era eraginkorrean eta bere osotasunean jasotzeko eskubidea bermatu behar du”. Halaxe azaldu da Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka hizkuntza eskubideak bermatzeko idazkia Iruñeko Udalean erregistratu ondoren. Zuzendariaren hitzetan, beharrezkoa da neurriak hartzea egungo ordenantzak murrizketarik ez izateko eta, ondorioz, herritarron hizkuntza eskubideetan atzerapausorik ez emateko.
Gaubeka publikoki azaldu da ordenantzaren aldaketaren kontra, hainbat argudio nabarmenduz.
Lehenik eta behin, salatu du kontsulta publikoa ez dela behar bezala planteatu eta “euskara hizkuntza bezala gutxiesteko asmo argia dagoela”. Besteak beste, “kontsultan Iruñeko herritarren parte handi batek adieraz dezakeena euskararen erabileraren aldekoa bada ere, Enrique Maya jaunak ez ditu kontutan hartuko”.
Gaubekak nabarmendu du Nafarroako herri guztietan bezala herritarrek administrazioarekin euskaraz harremanak izateko eskubide osoa dutela eta hori bermatzeko neurri zehatzak hartzen direla ziurtatu behar dela; zentzu horretan, “Lege eta Dekretu murritzen irakurketa are murritzagoa egitea onartezina izango litzateke, horren atzean herritarren eskubideen gabetzea egongo litzatekelako”.
Gainera, Iruñeko Udalaren lanpostuei egin die erreferentzia eta plaza lortzeko beharrezko hizkuntz konpetentziak goraipatu ditu, “herritarrok udalera zuzentzen garenean euskaraz artatuak izateko aukera izan behar dugulako”. Era berean, udalaren iragarki eta kanpo komunikazioetan euskararen presentzia % 25 murriztuko dela salatu du Gaubekak, euskaraz irakurri eta mintzatzeko eskubidea gutxiesten duelako.
Bukatzeko, Iruñeko alkatea den Maya jaunari zuzendu zaio, Espainiako Estatuak berretsitako Europako Kontseilu eta erregioen hizkuntzen Europako Gunean honako konpromiso hauek hartu zituela gogoraraziz: Euskararen erabilera toki administrazioan sustatzea, euskal hiztunek eskaerak ahoz zein idatziz aurkezteko duten aukera bermatzea, toki agintariek ateratzen duten dokumentu oro euskaraz ere izatea....
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak herritar guztion eskubideak bermatzeko garrantzia azpimarratuz agurtu du aurkezpena, Nafarroan pertsona ororen eta euskararen aldeko garaia ere badelako.