Nafarroako Gobernuak zorionak eman dizkio Emakumezkoen Osasuna taldeari

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 9a, 20:12

Kirol arloko lorpenengatik eta kirolean berdintasunari egindako ekarpenagatik nabarmendu dute talde gorritxoa.

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkos buru izanik, harrera instituzionala egin zaio gaur arratsaldean Emakumezkoen Osasuna taldeari denboraldi honetan lortu dituen garaipenengatik eta emakumezkoen kirola bistaratzeko nahiz kirol jardunean egiazko berdintasuna lortzeko eredu eta erreferente bihurtu izanagatik.

Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan egindako ekitaldian bildu dira Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaile Rubén Goñi eta Kirol arloko zuzendariorde Primitivo Sánchez. Osasuna taldearen izenean, jokalariak, teknikariak, klubaren arduradunak eta zuzendaritza bertaratu dira, Luis Sabalza lehendakaria buru.

Gogoratzen ahal denez, taldeak Bigarren Mailako II. Taldeko txapela lortu du aurtengo denboraldian, eta horrek Lehen B Mailara zuzenean igotzeko aukera emanen dio. Horrez gain, emakumezkoen futbolaren maila gorenera igotzeko play-offetarako sailkatu da.

Agerraldiak

Jendaurreko agerraldiaren hasieran, Barkos Lehendakariak Nafarroako Gobernuaren aitorpena helarazi die taldeari eta Emakumezkoen Osasuna Fundazioaren familia osoari, “joko-zelaiaren barnean zein kanpoan, konpromiso, ahalegin, borroka, duintasun eta kiroltasunaren eredu bikaina izateagatik”.

Azken txapelketa honetan izandako lorpenak gogoratu ondoren, Sadar futbol-zelaia bera ireki baita lehendabiziko aldiz emakumezkoen taldearendako, Uxue Barkosek denboraldi “historiko” honek emakumeek praktikatutako futbola bultzatzen eta indartzen lagunduko duen konfiantza adierazi du.

“Ispilu bihurtu zarete –jarraitu du Lehendakariak– eta ispilu horretan islatzen dira, ziur nago, milaka emakumezko kirolari eta kirolzale, emakumezkoen kirola oso modu nabarmenean bistaratzen lagundu duzuelarik, bereziki emakumezkoen futbola. Izugarri pozten gaitu horrek guztiak, izan ere, garrantzi handikoa da emakumeak kirola egitera bultzatuko dituzten erreferenteak izatea, kirol jardunean ere egiazko berdintasuna lortzeko helburuari jarraiki, hauxe baita Nafarroako Gobernutik lantzen dihardugun helburua”.

Azkenik, Lehendakariak eskerrona adierazi die, “ez soilik kirol arloko garaipenengatik, baita zuen ilusioa gure artean zabaltzeagatik eta zuek lehen pertsonan bizi izan duzuen amets horren partaide garela sentiarazteagatik”.

Ekitaldiari bukaera emateko, Lehendakariak igoeraren oroigarrizko plaka daraman Nafarroako armarria eman die taldearen ordezkariei.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!