Kritiko azaldu da Aranzadi Iruñeko Udalean lau urteotan egindako kudeaketarekin. Aldaketa ez da guztiz anbizio handikoa izan eta galga nagusi bat izan du: Geroa Bai. Hala uste dute Laura Berrok, Armando Cuencak eta Manuel Millerak.
Hala ere, oinarrizko aldaketa egin direla ere aitortu du Aranzadik eta horiekin segitzeko eta are gehiago indartzeko datozen lau urteetarako ere Udalean aldaketarekin benetan segitu nahi duten taldeen gobernua nahiko luke.
Eta udal gobernu horretan ikusten du bere burua Aranzadik. Hori bai, aurretik akordatuta neurri zenbait eta marra gorriak ere jarrita. Aranzadik ez luke bat eginen aldaketa horretan alderdi sozialista izanen balitz: PSN erregimenaren aurpegi dela esan du Cuencak.
Aranzadiren lana bereziki mugikortasunean, ekologia eta energian edota parte hartzean eta ahalduntzean izan da legealdi honetan. Egin gabe geratu direnak ere aipatu dituzte: 15 proiektu berdintasunarekin, feminismoarekin edota indarkeriarekin amaitzeko proposamenak, adibidez.