Ideia lehiaketa bidez erabakiko da Erorien Monumentuaren etorkizuna

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 18a, 14:34

Gobernu taldeak ideia-lehiaketa egiteko proiektu bat aurkeztu du, Erorien Monumentua eta horren ingurunearen gaineko erabakia hartuta egon dadin hemendik sei hilabetera

Erorien Monumentuaren hiri-ingurunea eraldatzeko, haren balioa azpimarratu eta erabilera berriak zedarritzeko askotariko proposamenak edukitzea. Hori da arkitektura-ideien lehiaketa epaimahaidunaren oinarri-proposamenak duen helburua, eta proposamena bera Hirigintza Gerentziako Kontseiluan aztertuko da bihar, asteazkenarekin. Lehiaketak ateak irekitzen dizkie aukera guztiei, hala oraingo eraikina mantendu edo eraldatzeari nola eraikin berri batez ordezteari, baina betiere gizabidezko esanahi berriak emanez, memoria demokratikoarekin bat datozenak. Proposamena memoriaren aldeko elkarteei aurkeztu zitzaien atzo, eta orain udal-taldeen arteko eztabaida politikoaren txanda izango da. Behar den babesa lortuz gero, proiektua datorren urteko apirilean emango litzateke amaitutzat, eta barne hartuko lituzke, jatorrizko ideia ez ezik, herritarrek egin ahalko dituzten ekarpenak, bai eta ideiak ebaluatzeaz arduratuko den epaimahai profesionalak mahai gainean jartzen ahal dituen iradokizunak ere.

Behin lehiaketa onartuta, parte hartu nahi dutenek ikuspegi bikoitza hartu beharko dute. Ikuspegi horrek aintzat hartu beharko ditu, alde batetik, eraikinaren eduki sinbolikoa eta memoria demokratikoan duen eragina, beharrezko egiten duena monumentua esanahi berriez hornitzea (edo are, hura desagerraraztea); eta bestetik, aukera dela hirigunean esku hartu eta inguru hori, finkatutako hiriaren eta hegoaldeko hirigintza-garapen berrien arteko igaroleku dena, topaleku bihurtzeko. Erorien eraikina babesturik dago, intentsitate desberdinez eraikinaren zatiaren arabera, baina egoera hori ez da aldaezina; izan ere, bertako elementuen babes-maila aldatuz joan da urteen poderioz. Eragin sinboliko handiko eraikin-mausoleo bat da, Gerra Zibilean hildako frankistei eskainia.

Iruñeko alkate Joseba Asironek eta Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak prentsaurrekoan azaldu dute proposamenaren jardun-eremuak barne hartzen dituela Erorien Monumentua bera, Askatasun plaza, Serapio Esparza parkea eta alboko kaleak. Nahitaezkotzat jo da plazako lur azpiko aparkalekua eta horren sarbideak mantentzea. Bide-egitura ere mantendu beharko da, bereziki Iturralde y Suit eta Agoitz kaleak. Edonola ere, kontuan hartuko dira proposatzen den hiri-ingurune berri horretan txertatu nahi diren mugikortasun jasangarriko alderdiak.

Oinarrien zirriborroak bi fasetan egituratutako prozesu bat ezartzen du. Aurkeztutako proposamenen artean Iruñeko Udalak bost hautatuko ditu, eta horiek partaidetza publikoko prozesu batera igaroko dira, zeinean ideiak azalduko baitira, herritarrek bere iradokizun eta ekarpenak egin ditzaten. Parte-hartze publiko horren hasierako fase bat egin da dagoeneko, joan den martxoan Erorien eraikinaren hiri-inguruneari buruz diziplina anitzeko gogoeta-jardunaldien barruan. Orduko hitzaldiak udal-webgunean jarri dira jendaurrean. Hautatutako proposamen bakoitzari 25.000 euroko diru-saria ematea aurreikusi da.

Bi fase eta hautatutako bost proposamen

Ideia-lehiaketaren lehenengo fasea irekia eta anonimoa izango eta, eta horren barruan gehienez ere bost proposamen hautatuko dira, bigarren fasera igaroko direnak. Lehenengo fase horretan, honako eduki minimo hauek landu beharko dira: egungo monumentuari eman beharreko tratamenduaren gaineko proposamen arrazoitua; erabilera-proposamena eta programa zehatz bat, justifikazioak bereziki landu beharko duelarik memoria historikoaren ikuspuntua; hiri-ingurunearen gaineko jarduketa-proposamena, eta proposamenaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa. Fase horrek hiru hilabete iraungo du.

Gero, hautatutako bost proposamenak jendeari azalduko zaizkio. Hautatutako idazketa-taldeek bere proposamenen gaineko azalpenak emango dizkiete herritarrei, saio batean edo batzuetan. Orduan, herritarrek proposamen bakoitzari ekarpenak eta iradokizunak egiteko aukera izango dute, parte hartzeko prozesu baten barruan. Epaimahaiak ere hautatutako proposamenei buruzko gomendioak eman eta iradokizunak egin ahalko dituzte, prozedurak ezartzen duen bigarren faseari begira.

Bigarren fase horretan, hautatutako bost proposamenek, lehen faseko funtsezko ezaugarriei eutsita, parte hartzeko prozesu publiko horretan egindako iradokizunak txertatuko dituzte, bai eta epaimahaiarenak ere, justifikatuz nola txertatzen dituzten edo, bestela, zergatik ez dituzten egoki jotzen. Fase honetan proposamenak hainbat kontu zehaztuz osatuko dira: proposatutako erabileraren zehaztapena eta programa; eraikuntza-jarduketa eta eremuko berrurbanizazioa, aurreproiektu-mailara arte, eta proposamenaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoaren azterketa, inbertsioaren doikuntza aipatuta (aurrekontu xehatua, kapituluka, gauzatze materialaz bezainbatean). Bigarren fase hori bi hilabeteko epean garatuko da.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek bete beharreko baldintzak

Gaur goizean aurkeztu den proposamenaren arabera, lehiaketan parte hartzen dutenek pertsona fisiko edo juridikoak izan beharko dute, haien helburuak edo jardunak zuzenean lotuta egon beharko du kontratuaren xedearekin, jarduteko-gaitasun osoa eduki beharko dute, eta ezin izango dituzte ukitu hori galarazten dioten eta legeetan jasota dauden ezein inguruabarrek. Hori horrela, arkitektoak lehiatu ahalko dira, banaka edo taldeka, bai eta pertsona juridikoak ere, baldin eta haien gizarte-helburuak bat badatoz lehiaketaren xedearekin.

Diziplina anitzeko talderen bat aurkeztuz gero, gizarte- edo merkataritza-izaerako edozein sozietateren bidez, proposamenaren burua arkitekto batek izan beharko du, eta berak izan beharko du, gainera, taldearen zuzendaria edo lanak zuzentzeko arduraduna. Lehiaketaren xedearekin bat datozen gizarte-helburuak betetzen dituzten pertsona juridikoen kasuan, taldearen zuzendariak edo lanak zuzentzeko arduradunak nahikoa titulazioa duen arkitekto profesional bat izan beharko du, eta bera izango da egile erantzulea lehiaketaren ondorio guztietarako.

Parte-hartzaile bakoitza bakarrik talde bakarreko kide izan ahalko da, hala zuzendari nola laguntzaile gisa, eta proposamen bakarra aurkezten ahalko du; betekizun hori ez betetzeak berekin ekarriko du lehiatik kanporatzea pertsona horren parte-hartzea eduki duten proposamenak oro. Proposamenak gutun-azal/pakete itxi batean aurkeztu beharko dira, lehiaketaren izenburua izan beharko dute idatzita –Erorien Monumentuaren hiri-ingurunea eraldatzeko arkitektura-ideien lehiaketa epaimahaiduna–, eta kanpoaldean lehiakideek hautatutako lemaz soilik identifikatuta egon beharko dute, anonimatua gordetze aldera. Lema hori ezingo da inolaz ere bat etorri parte-hartzaileen benetako izenekin, ez eta taldeko ezein kide edo parte hartzen duen pertsona juridikoaren izen sozialarekin ere.

Epaimahaia, balorazio-irizpideak eta proposamenen aurkezpena

Lehiaketaren epaimahaiburua Iruñeko alkatea izango litzateke, edo hark xede horretarako eskuordetutako zinegotzi bat. Honako hauek izango lirateke epaimahaikideak: Udalak monumentuari buruz hausnartzeko abiatutako prozesuan izan ziren ospe handiko gonbidatuetako bat edo beste; arkitekto bat, Hirigintza Gerentziaren izenean; administrazio publikoarekin loturarik ez duen izen handiko arkitekto bat; Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko (COAVN) arkitekto bat, eta Nafarroako Gobernuko ordezkari bat (memoria historikoaren alorrekoa). Idazkari arituko litzateke, hitzarekin baina botorik gabe, Hirigintza Gerentziako legelari bat.

Arkitektura-ideien lehiaketa honen oinarrien proposamenak jasotakoarekin bat, kalitate globala izango da proposamenak baloratzeko ardatza, betiere bilatzen denaren konplexutasun espezifiko horretatik aztertuta. Horregatik, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: egungo monumentuari eman beharreko tratamendu egokiari buruzko proposamen arrazoitua; lehiakidearen aburuz esparru horretan txertatu beharko litzatekeen erabilera-proposamena, programa zehaztuta eta memoria historikoaren ikuspuntua bereziki aintzat hartuz justifikatuta; hiri-ingurunean egin beharreko jarduketen proposamena, betiere helburuetan adierazitakoa aintzat hartuz, eta proposamenaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa. 

Lizitatzaileek, ahal dela, Hirigintza Gerentziako Erregistro Orokorrean (Armada etorb., 2, 6. sol.) aurkeztu beharko dituzte proposamenak, edo bestela, Udalaren Erregistro Orokorrean, erregistro osagarrietan edo Administrazioa Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak aurreikusten dituen edozeinetan, hiru hilabeteko epean, iragarkia Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialera bidali eta hortik aitzina. Nahasteak saiheste aldera, Nafarroako Kontratazioa Atarian argitaratuko da epea noiz amaitzen den, eguna, hilabetea eta ordua adierazita. Proposamenak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak baimentzen dituen erregistro ofizialetan aurkezten dituztenek inguruabar hori jakinarazi beharko dute, proposamenak aurkezteko gehieneko epearen barruan, telefax bidez  948 420 901 telefonora edo Hirigintza Gerentziari zuzendutako telegrama bat bidaliz (Armada etorb., 2, 6. sol., 31002 Iruña). Halaber,  gerenciadeurbanismo@pamplona.es helbidera idatziz jakinarazi daiteke proposamena bestelako erregistro publikoetan aurkeztu dela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!