Erorien monumentua eraitsi behar dela esan, eta udalaren parte hartze prozesua kritikatu du Ezkerrak

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 14a, 14:09
Argazkia: Ezkerrak Erorien monumentuaren inguruko prozesua salatzeko eskainitako prentsaurrekoa.

"Mugatutako parte hartze prozesua" da Iruñeko Udalak erorien monumentuaren inguruan hasitakoa, "presaz abiatua", gainera. Eraikina "katalogotik ateratzeko" eta "eraisketa baimentzeko" exijitu diote udalari.

Espainiaren alde eroritakoen monumentua eraitsi nahi du Ezkerrak. Eta arrazoi mordoa dauka eskaera hori egiteko: "faxismo frankistari loturiko balioen gorazarrea egiteko monumentua" delako, memoria historikoaren legea urratzen duelako, ez duelako "balio artistikorik" -"erabilerarik gabeko sinbolo handi bat da"-; eta "hiriaren lotura ekiditen duen tapoia" delako. EH Bildu buru duen Iruñeko Udalak abiatutako prozesu parte hartzailea "murritza, mugatua eta presaz abiatutakoa" dela deritzo Edurne Egino Ezkerrako zinegotziak, "ez baitu eraistea aintzat hartzen". 

Udal gobernuan dagoen laukoaren artean Erorien monumentuaren inguruko adostasunik ez dagoela azpimarratu du Ezkerrak, eta Hirigintza Sailak nazioarteko lehiaketarako abenduaren 29an aurkeztutako oinarriak "alde bakartasunez eta eztabaidarik gabe" idatzi zituztela. Erorien monumentua ikusteko bisita gidatuak eta hausnarketa jardunaldiak antolatu zituzten udaletik, Eginoren aburuz, baina, "aukera falta" dago ekimen horretan, eraistea barne hartzen ez den bitartean. 

Lehiaketa baino lehen egitekoak

Nazioarteko lehiaketarako behin betiko oinarriak apirilean argitaratzekoa da udala, aitzitik, eraikinaren eta haren inguruanen nazioarteko lehiaketara deitu aurretik, hiru urrats egin behar dira, Ezkerraren ustetan: lehenik eta behin, Plan Orokorra moldatzea eta eraikina katalogotik ateratzea; bigarrenik, udalak berak eraistea baimentzea; eta, hirugarrenik, "eztabaida prozesu zabal bati ekitea", herritarrek eta memoria elkarteek diotena aintzat hartuta. 

"Ez daukagu presarik, aztabaida sakona eta parte hartzailea nahi dugu. Hau gai garrantzitsua da hiriarentzat, eta hala jaso genuen akordio programatikoan", adierazi du Eginok.

Galdeketa egin dadila

"Ez dugu baztertzen herri galdeketa egitea", ziurtatu du, izan ere, akordioa programatikoaren puntuetako bat da galdeketak egiteko aukera. Gauzak horrela, eraisketaren alde azaldu da Ezkerra.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!