'Soka' antzezlana, eskola jazarpenaz hausnartzeko

Euskalerria Irratia 2018ko api. 10a, 09:29
'Soka' antzezlanaren une bat.

Udaberriko Antzerki Aroaren lehen emanaldia izanen da gaur Nafarroako Antzerki Eskolan. 

Soinketako irakasle batek 11 urteko mutiko baten gorpua aurkitzen du, gimnasioko sokatik urkatuta. Gertatutakoaren erruduna balitz bezala, bere inguruak baztertuta, Igorrek errua eta erantzukizunaren arteko mugak marrazten diren bilaketa bati ekiten dio.

 Erruak izen abizenak ditu, konkretua da, artxibatu eta kajoi batean sartu daiteke. Errua eduki daitekeen zerbait dela esaten digu hizkuntzak berak. Erruduna bilatzen dugu beti eta, behin topatuta, lasai, zerraldo egiten dugu lo. Aldiz, erantzukizunak harrapatzen gaitu eta ez digu uzten atseden hartzen…

'Soka'rekin, eskolan jazarpena sufritu eta jasaten dutenak, haien senideak eta horri aurre egiteko lanean diharduten guztiak hartu nahi izan dituzte gogoan.

Anterki Aroa 2018 zikloaren barruan eginen da, Nafarroako Antzerki Eskolan, apirilaren 10ean, asteazkenean, 20:00etan. Sarrerak Nafarroako Antzerki Eskolan eskuratu daitezke,  bertako leihatilan edo euren  webgunean . (8 €  eta 5€ ikasle-taldeak).

FITXA ARTISTIKOA: Egilea: Mikel Gurrea. Zuzendaritza eta eszenografia: Fernando Bernués. Antzezlea: Iñaki Rikarte. Argiak, soinu banda eta proiekzioak: Acrónica Producciones. Jantziak: Ana Turrillas. Lantalde teknikoa: Edi Naudó, Dani Bernués. Ekoizpena: Victoria Eugenia Antzokia eta Tanttaka Teatroa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!