Unai Amorena iruindarra Espainiako Muay Thai, edo thailandiar boxeoan, txapeldun berria da K-1eko modalitatean

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 13a, 20:01

Joan den asteburuan Malgrat De Mar herrian jokatutako txapelketan Koro Sarasuak, Iñaki Orradrek eta Amorenak urrezko dominak lortu zituzten eta Izan Ibirikuk eta Victor Goñik brontzezkoak.

Muay Thai edo thailandiar boxeoa ostikadak eta ukabilkadak ematea onartzen duen kontaktuzko kirola da. Thailandian sortua, bertan ikur nazionala delarik, Indotxinako beste boxeoen antzekoa da, Kanbodiako Prodal, Malaysiako Tomoy, Myanmarreko Lethwei edo Laosko Muay Lao bezala.

Muay Boran borroka-arte tradizionalean oinarriturik, nazioartean ospetsu bilakatu zen beste borroka-arteko praktikatzaileak menderatu zituztenean.

Hori ezagutu dugu gaur ‘Kirol txiki  esfortzu handi’ kirol tartean.

Honetaz gain, Mikel Nabarrok joan den asteburuko hainbat kiroletako emaitzak eta agenda ekarri dizkigu.

 

ERRUGBIAN

16 eta 18 urte azpiko kategorietako gizonezkoen Nafarroako Selekzioek garaipen bikoitza eta historikoa lortu zuten Aragoiko Selekzioak gainditzeari esker A Mailako kategoriara igo direlako. Joan zen igandean Tuterako Nelson Mandela Estadioan nafarrek B Mailako finalak eskaintzen zien igotzeko aukera aprobetxatu zuten, aragoiarrak menperatu zituzten eta datorren denboraldian Estatuko Selekzio hoberenen aurka jokatuko dute.

 

TXIRRINDULARITZAN

Igandean ere 2018ko Nafarroako Txapelketako lehenengo maillotak jokoan jarri ziren. Hain zuzen ere, gizonezkoen Elite eta 23 urte azpiko kategorietako errepideko modalitatekoak Lizarran martxoaren 11n ospatutako Cirilo Zunzarrenen Oroimenezko proba tradizionala aprobetxatuz.

23 urte azpiko kategorian Sergio Araiz Lizarte taldekideak maillot gorria jantzi zuen eta Elite kategorian Hodei Juango Telcom txirrindularia gorriz jantzi zen.

 

 

TAEKWONDOAN

Ruben Vicentek brontzezko domina eskuratu zuen Holandako Irekian, soilik finalerdietan galdu zuen Uzbekistaneko ordezkariaren aurka eta lortutako hirugarren postu honi esker ranking nazionaleko puntu garrantzitsuak lortu zituen apirilak Tunisian lehiatuko den Junior kategoriako Munduko Txapelketari begira.

 

JUDOAN

kirolari nafarrek 5 domina jantzi zituzten Alicanten izandako haur eta kadete kategorietako Espainiako Superkopan. Mikel Zambranok urrezkoa lortu zuen, Ivan Solak zilarrezkoa ekarri zuen etxera eta Paula Beorleguik, Leyre Roncalek eta Joane Buldainek brontzezkoa eskuratu zuten. Lan bikaina judo nafar harrobiarena.

 

AGENDA: XOTA

Ostegunean hasiko da Espainiako Futbol Aretoko Kopa, zortziko txapelketa izango da eta han Osasuna Magna Xota izango dugu. Imanol Arreguiren mutilak Movistar Interren aurka estreinatuko dira final-laurdenetan eta bai Eurosporten bai Teledeporteren bitartez ikusi ahalko ditugu gaueko bederatzi eta laurdenetatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!