Euskaltzaindia, Iruñeko udaletxean izan da gaur. Gaur Miriam Urkia eta Roberto González de Viñaspre euskaltzain berriei harrera egin die Iruñeko alkate Joseba Asironek. Besteak beste, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Nafarroako ordezkari Andrés Iñigo euskaltzaina izan dira bertan.
Hirugarren urtea da Euskaltzaindia Iruñeko Udaletxean biltzen dela osoko bilkura akademikoa egiteko. Euskaltzaindiak hilean behin egiten ditu osoko bilkurak, eta Akademiaren irizpideei jarraituta urtean behin gutxienez biltzen da bere hizkuntza-eskumenari dagokion lurraldeetako bakoitzean. Iruñeko Udaletxean izan ziren jada Euskaltzaindiaren halako zenbait bilkura: 2017ko maiatzean, 2016ko apirilean eta 2013ko irailean.