Sei urte baino gehiago pasa dira Rafa Rueda musikariak bere bakarkako azken lana kaleratu zuenetik, beste proiekto batzuetan murgildurik ibili baita, besteak beste, PiLT taldearekin eta Mikel Urdangarinekin batera egin dituen saioetan. Ruedak aitortu digunez: "Gogoa nuen honi berriz eusteko". Izan ere, pozik agertu zaigu ‘Hiri kristalezkoak’ izeneko bere bakarkako bostgarren diskoarekin. Gainera kritika onak jasotzen ari dela dio. Hirien eta biztanleen arteko harremanak islatu nahi izan ditu hamar abestitan. Hitzen egileak Harkaitz Cano, Leire Bilbao, Gotzon Barandiaran, Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Arkaitz Agirrezabalaga eta Rafa Rueda bera izan dira. Disko honetan erritmo elektroniko eta dantzagarriagoak topatzen ahal ditugu, ahotsen presentzia handiagoa eta kitarra gutxiago.