Donostiako talde gaztea dugu NOGEN izenekoa. 2016. urtean hasi ziren lehendabiziko urratsak ematen eta iaz hiru abesti zituen Lys izeneko EP-a kaleratu zuten jo nahi zuten tabernetan edo aretoetan zer egiten zuten erakusteko asmoz. Haien harridurarako izugarrizko arrakasta izaten ari dira abesti horiekin, emanaldiak sortzen ari zaizkie nonnahi eta hedapen handia izaten ari dira komunikabideetan. Orain haien lehen diskoa grabatzen ari dira.
Aste honetan, asteazkenean, akustikoa egin dute Iruñeko Herriko Tabernan, baina aurretik Irrintzi Plaza saiotik pasatu ziren taldeko hiru kide: Jokin Gilisagasti, Alex Irazusta eta Jone Laspiorrek "Nora" abesti arrakastatsua eskaini digute zuzenean, plaza honetan hainbeste entzuten eta erabiltzen ari garen abestia, hain zuzen ere.
Nogen hitza danieratik dator eta biluzik esan nahi du.