Kattalin Miner kazetaria eta militante feministak Nola heldu naiz ni honaino bere liburuaren aurkezpena eginen du IPESeko Emakumeen Liburutegian, Deskalzos kalean 72 behea (Erraldoien Txokoan).
Aurkezpen honetan bere lehenengo eleberriaz hitzegiteaz gain, honen idazketa prozesuaren inguruan arituko zaigu. Halaber, bizitzaren inguruan eta liburuen inguruan kezkatzen zaizkion gaiei buruz hitz eginen du. Liburu hau Igartza diru-laguntzari esker idatzi ahal izan da eta egileak berak “neurosi baten historia” bezala definitu du. Jezabel da protagonista, eguneroko erabakiez estutua, itxuraz garrantzirik gabekoak direnak, baina, berarentzat duten garrantzia kontuan hartuta, itota sentiarazten duten. Eleberri honen bitartez Kattalinek bere belaunaldiaren erretratua egiten du.