Iruñeko alkate Joseba Asironek azaldu duenez, Udalez Gaindiko Eraginari buruzko Plana (gazteleraz, PSIS) bere osoan bertan behera uzteak erakundeek bere gain nekez har ditzaketen kostuak eraginen lituzke, baina “plana aldatzeak aprobetxamendu urbanistikoa murriztu gabe ez dakar kalte ordainik, eta hartara proiektua 18 pisuko dorreetatik Zabalguneko ohiko eraikin txikiagoetara pasa liteke”. Modu horretan, Udalak diru sarrera txikiagoa edukiko luke, baina “hiriaren onerako” diru galera hori onartzeko prest azaldu da Asiron.
Gauzak horrela, Iruñeko alkateak Salestarren proiektua alda dezala eskatu dio Nafarroako Gobernuari, “hiriaren interesak interes ekonomikoen gainetik jartzeko” eta “aberrazioa gauza ez dadin”. Izan ere, “interes ekonomikoak zilegiak dira, baina finean kasu honetan kongregazio erlijioso batenak dira, edo eragile urbanistiko jakin batzuena”. Asironen irudikoz, “hiriaren etorkizuna ezin da egon espekulazioaren edo merkatuaren menpe”, eta “erakundeek diru gutxiago jasotzeko arriskua bere gain hartu behar dute, baldin eta hiriaren planifikazio urbanistikoa babesteko bada”.