EH Bildu eta Joseba Asiron alkateak erabakimena partekatzen ez dutela salatu dute Aranzadiko zinegotzi Armando Cuencak eta Ezkerrako zinegotzi Edurne Eginok: azken bi urteetan, erabakiak hartzeko orduan, "ez da elkarlanik egon", bi taldeen ustetan.
Akordio programatikoa ez direla betetzen ari esan du Cuencak, bai eta Pio XII.aren mugikortasunaren harira izandako desadostasunak "koordinazio ezaren" beste adibide bat direla: “Pio XII. udal honetan gertatzen ari denaren adibidea da”, zehaztu du Aranzadiko zinegotziak. Mugikortasunaren arloan, “azken bi urtean deus ere ez” da egin, Eginoren irudiko.
Eginok azpimarratu du "krisia ikusaraztea udal gobernu gisan indartzeko aukera" ere badela, izan ere, haren iritziz, lauko gobernua da iruñeko udalean egon daitekeen "formula bakarra". "Leialtasunez" jokatzen ari direla eta "arloak zuzentzen" lanean segiko dutela azpimarratu du, halaber. Haren hitzetan, ez dago gobernua "hausteko" aukerarik.
Akordio programatikoa, eztabaidagai
“Aldaketa gehiago nahi ditugu, akordio programatikoari buruz publikoki eztabaidatzea ”, ziurtatu du Eginok.
Gainontzeko taldeei dei egin diete, "eseritzeko eta eztabaidatzeko", akordio programatikoak emandakoari begiratzeko: "orain arte egindakoak herritarrei kontatu" behar zaizkiela uste dute, bai eta "aurrera begirako bideorria" idatzi behar dela.