Sarasateko okupazioarengatik, 45 hilabeteko eta 7.000 euroko zigor eskaerak

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 28a, 14:33

Hamabi lagun daude auzipetuta Sarasate pasealekuko okupazioaren ondorioz, eta hiru pasa dira gaur epaile aurretik. Elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek, gazteei elkartasuna adierazteko.

45 hilabeteko espetxe zigorrak eta 7.000 euroko isunak eskatzen dizkiete Sarasateko okupazioa dela eta auzipetutako hamabi lagunetako hiruri. 

Hutsarazteko momentuan, polizia "bortizki" aritu zela salatu dute gazteek. Datozen asteotan epaituko dituzte gainontzeko auzipetua. Usurpazioa, aginteari atentatua edota erresistentzia egozten dizkiete denei, eta "espetxeratze arrisku erreala" dago. "Absoluzioa" eskatu dute gazteek. 

Kartzela arriskua

Hutsaraztearen unean, Polizia "bortizki" oldatu zela ekarri dute gogora, eta orduan gertatutakoaren inguruko irakurketa egin: "kapitalaren jazarpen-makineria guztia martxan jarri zen. Guardiako epailearen deia, bat-bateko jokabideak operatiboaren baitan, udaltzaingoaren sektore baten jardute 'autonomoa' eta bestelakoetatik haratago; irmoki salatu nahi dugu sistemaren mesedetara lanean diharduten egitura errepresibo guztiak. Etxebizitza bera pertsona ororentzat oinarrizkoa den beharra izanik, egiturak sistemaren interesei erantzuten baitie lehenik.

"Polizia jazarpena" salatu dute auzipetuek. "Azpimarratzekoa da 12 izenetara iritsi den akusatu edo aztertuen zerrendak espetxeratze arrisku errealak dakartzala. Oraingoan, akusazio judizialak gugan jaurti diren arren, egungo bizitza soziala menperatzen duen merkatuari aurre egiteko prest legokeen beste edozeinengan ere eror zitekeela badakigu", esan dute. 

Iruñeko Udalak jarrera "larria" izan duela uste dute auzipetuek. "Operatiboaren inguruan diharduen txosten tekniko bakarra desalojoan bertan errepresioa pairatu zutenen exigentzietatik oso aldenduta baitago. Modu berean nabarmendu nahi dugu Herritarren Segurtasun saileko zinegotzia den Aritz Romeoren seriotasun falta; oraindik ere ez baitira udaltzaingoaren arduradunen kontrako neurriak ez dira hartu, ezta inplikaturik zeuden kargu politikoen arduren gain hartzea ere".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!