"Cerro Rico inguruko hainbat lagunen lekukotasunak jaso ditut eta persona ezberdinen testigantzak bilduz osatu dut Potosí liburua. Protagonista horien artean, esate baterako, Alicia Quispe, 14 urteko neska gaztetxoa dago. Meatzeetan lan egiten du, doan lan egiten du, azken aldian kooperatibek bere familiari eskatzen dioten zorra ordaintzeko. Zehazki, errealitate hau deskribatuz abiatzen dut liburua." Hala esan digu Ander Izagirrek.
Bada beste hainbat izen propio liburuan: Gregorio Iriarte apaiza, Villca meatzari zaharra eta hezur haragizko beste hamaika lagun. Boliviako meatzeen argazki gordina ageri da. Protagonista ugari liburu honetan eta horrekin batera, makina bat arazo eta muturreko egoera, begien aurrean. Kazetari gipuzkoarrak dioenez, "haurren laneratzea, segurtasun eza meategietan eta emakumeen aurkako bortizkeria liburuan jasotzen dira".