Iruñeko udal talde guztietako ordezkariak elkartu dira gaur eguerdian Udaletxearen parean, eraso sexualen aurka. Emakume batek salatu du Alde Zaharreko pisu batean bortxatu dutela.
"Gure inguruan bizi den jendearen %50 ezin da kalera irten normaltasunez. Hau larria da", nabarmendu du Joseba Asiron alkateak. Erantzun egin behar dela argi dauka Iruñeko alkateak: "Jendea nekatuta dago, eta Iruñea eredugarria izaten ari da kalean erantzuteko orduan”.
Berdintasun eta LGBTI zinegotzi Laura Berrok heziketan paratu du mira. “Etengabeko sentsibilizazioa. Hori da jarraitu beharreko bidea”, adierazi du Arantzadiko hautetsiak.
Halaber, Iruñeko Eledunen Batzarrak gertatutakoa gaitzetsi eta elkartasuna adierazi dio erasoa pairatutako emakumeari. Horrez gainera, eraso sexistekin amaitzeko konpromisoa azaldu, eta herritarrei dei egin die, indarkeria matxistaren aurrean, entzungor egin ez, eta arbuio argia azal dezaten.
Gogorarazi du halaber, egiturazkoa dela indarkeria matxista, gizonak emakumeen gainetik kokatzen dituen patriarkatuaren ondorio.