Matrikulazio epea zabalik Iruñeko haur eskoletan

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 9a, 12:30

Gurasoak ari dira gerturatzen haur eskoletako aurrematrikulazioa kudeatzen duten udal bulegoetara, Erraldoien Txokoan. Euskalgintzaren boluntarioak ari dira informazioa banatzen eta #EuskaraCercaHurbil aukeratzera animatuz, hainbat lagun ezagunekin batera. Atzo, Oier Sanjurjo futbolaria izan zen haiekin. Gaur, Zaldi Eroa marrazkilaria izanen da, eta bihar Julian Iantzi.

Martxoaren 7tik 18ra da matrikulazio kanpainia. Aurten lau eskola dira euskarazko eskaintza dutenak: Izartegi Txantrean, Goiz Eder Arrotxapean, Donibane izen bereko auzoan eta Printzearen Harresi Arrosadian. Aurten lehenengoz gainera, udalak matrikulazio eskaerekin batera banatu du inkesta bat, eta horren bidez jakin ahalko dute zer nolako eskariak egiten dituzten gurasoek euren seme-alabentzako. Izan ere, jasotzen diren eskaeren araberakoa izanen da etorkizunean eginen den eskaintza.

Lehen aldiz haur eskola batera joanen diren haurren gurasoak Erraldoien txokora joan behar dira aurre-matrikulazioa egitera. Euskalgintzako kideak izanen dira bertan informazioa ematen eta euskarazko ereduaren aldeko hautua egin dezaten proposatzen. Eurekin batera, pertsona ezagunak ari dira parte hartzen kanpainan: Julian Iantzi, Leire Ruiz, Motxila 21, Donibaneko Ahari, Oier Sanjurjo, Zaldi Eroa, La Chula Potra...

#EuskaraCercaHurbil matrikulazio kanpainiaren inguruko informazioa, egunez egun.

Edozein ekarpen, zalantza edo kontakizunetarako: euskaracercahurbil@gmail.com

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!