Euskalgintzak dio euskarazko haur eskoletako plazak oraindik "gutxiegi" direla

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 9a, 10:08

"Desoreka handia dago gaztelaniazko eta euskarazko plazen artean. Oraindik gainera Iruñeko auzo batzuk urrunegi daude euskarazko eskaintza egiten duten haur eskoletatik".

Lau haur eskolek eskainiko dute euskarazko eredua aurten Iruñean. Lehen aldiz, lau auzo desberdinetan izanen dira. Albiste ona da Euskalgintzarentzat baina oraindik, lortu beharreko helburutik gertu kokatzen dela ere ohartarazi dute.

Gogoratu dute 30 urtez, soilik Txantrean eskaini dela euskarazko eredua haur eskolan: iazko ikasturtean 1.414 plazetatik 164 baino ez ziren euskaraz eta aurten aurrera eramandako aldaketarekin 1.036 plazetatik 378 izanen dira euskaraz. "Oraindik portzentaiak ez direla orekatuak", nabarmendu du Maite Inda, Euskalgintzako kideak. " Desoreka handia da kontuan hartuta hiru urtetik gorako zenbat haur matrikulatzen dituzten euskarazko ereduetan". Oreka lortu behar dela dio Euskalgintzak.

Gertutasuna eta euskara ez da auzo guztietara iristen oraindik

Txantrean, Arrotxapean, Donibanen eta Arrosadian izanen dira euskarazko haur eskolak aurten. Gertutasuna eskainiko zaie guraso askori, baina oraindik zenbait auzo isolatuegi geratuko dira. Euskarazko ereduak urrun geratzen zaizkie, alegia.

Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak diren 5 haur eskolak gaztelaniaz dira: Alde Zaharrean, Sanduzelain eta Etxabakoizen ditu. Horregatik, parlamentariei dei egin die euskarazko ereduak ahalik eta zabalkunde gehien izan dezan lan egin dezaten.  

Euskalgintzaren izenean Maite Inda izan da Nafarroako Parlamentuko Hezkuntzako lan saioan. Behatokiko Garbiñe Petriati ere bertaratu da. Eurekin izan dira testigantza kontatzen euskarazko ereduan izen eman nahi eta ezin izan duten bi ama: Edurne Elso eta Zaloa Basabe.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!