Zein ekitaldietara joan behar duten ordezkariek eta nola jantzita zehaztu du protokoloak. Etiketaz joanen dira, udal talde gehienek horrela zehaztuta. Horrez gain, erlijioarekin lotutako ekitaldietan ere egonen dira zinegotziak, "hiriaren izenean" doazte-eta.
Geroa Baik, EH Bilduk, UPNk eta PSNk bat egin dute neurria onartzeko. Ezkerra abstenitu egin da. Eta Aranzadi izan da kontra azaldu den bakarra: osoko zuzenketa aurkeztu du, baina ez du aurrera egin.
Armando Cuenca Aranzadiko bozeramaileak esan du protokolo proposamenaren aurka dagoela formazioa. Gainera, udal taldea "hiriaren izenean" aritzen denean "begirunearen ideia" gailentzen dela dio, eta ez dutela horrekin bat egiten: "Ez dugu ulertzen zein asmo dagoen ordezkari eta ordezkatuen arteko distantzia markatzerakoan".
Halaber, salatu du ez dagoela "argi" zeinek ordainduko dituen ordezkariek jantziko dituzten etiketa janzkiak. Generoa ere izan du hizpide. Protokoloak emakumezko zinegotziak "gonarekin joatera" derrigortzen dituela uste du, eta "sexista" da neurria, haren aburuz.
Laikoa ote protokoloa?
Ezkerra da protokoloa babestu ez duen beste taldea. Edurne Egino zinegotziak esan du "galdutako aukera" dela onartutako protokoloa, eta akordio programatikoari "fidela" ez dela, izan ere, "laikoa" da haren aburuz hitzarmena, protokolo araudia ez bezala.
Geroa Baiko Iñaki Cabasesek hiriaren historiari "iskin egitea" leporatu dio Aranzadiri eta "zehaztasun falta". EH Bilduren irudiko, "existitzen zen hutsune bat" bete du protokolo araudi berrituak.