Xistera jantzita joan behar dute zinegotziek hainbat ekitalditara, egungo Iruñeko Udalaren protokoloaren arabera. Horra indarrean dagoena. XIX. mendean modan zegoen janzkia ipintzea. Eta hori arautegiko puntuetako bat baino ez da.
Erlijio ekitaldietan zinegotzien presentzia beharrezkoa dela dio, era berean, testuak, eta trajea janztea ere agintzen du. Udala protokoloa berritzea aztertzen ari den honetan, egindako proposamenaren aurka azaldu da Aranzadi.
"Hautetsien pribilegioak eta haiekiko distantzia ezartzen duten elementu guztiak" ezabatu nahi dituzte eta "erlijioekin" lotzen dituzten ekintzak eta ezaugarriak ere. Horren karietara, zeremoniak eta ekitaldi zibilak bereiztea ezinbestekotzat jo dute, hautetsiak soilik ekitaldi zibiletan egon beharko liratekeela defendatuz.
Janzkietan gastatzen den dirua murriztea. Hori da beste aldarrietako bat, badaude-eta inbertitzeko esparru"erabilgarriagoak".
"Iruñeak ez du protokolo araudi berri bat behar, behar izatekotan, murriztutako bat izan beharko litzateke, administrazio auzi gutxi batzuk zehazteko", esan du Aranzadik.
Protestara deitu dute udaletxe parean, eta eskakizun berezi bat egin diete herritarrei: xistera jantzita azaltzea.