Irailaren 30a bitarte San José udal-hilerrian egindako errausketak 2015ean egindako ehorzketa guztien % 82 dira. 2014an, errausketak % 70,3ra iritsi ziren, ordura arteko ehunekorik altuenera, baina aurtengoarekin alderatuta hamar puntu gutxiago -azken hiruhilekoaren daturik ezean, Iruñeko Udalak jakietera eman duenez. Aurtengo lehenengo bederatzi hilabeteetan egindako 2.000 ehorzketetatik, 1.643 errausketak izan dira; 360, ehorzketak nitxoetan; 164, ehorzketak panteoietan, eta 14, ehorzketak hobietan.
2007tik, Biritxituko kanposantuan egin diren ehorzketen erdiak baino gehiago errausketak izan dira. 2005ean, 1.972 ehorzketetatik 854 errausketa egin ziren (% 43,3), eta 2006an, 1.975 ehorzketetatik 969 errausketak izan ziren (% 49). Harrezkeroztik, errausketa da aukera nagusia, aldian-aldian gehiago portzentajeetan. 2007an, errausketen ehunekoa % 54,8 izan zen; 2008an, % 58,6; 2009an, % 59,9; 2010ean, % 63,1; 2011n, % 64,3; 2012an, % 67,3; 2013an, % 69,4, eta 2014an, % 70,3.
Hilerrian eskaintzen diren zerbitzuetarako tasak, 2015ean, honako hauek dira: errausketak, 242,25 euro; ehorzketak nitxoetan, 471,80 euro; ehorzketak panteoietan, 65,75 euro, eta ehorzketak, lurrean, 874,90 euro. Iaz, zerbitzu horietatik lortutako diru-sarrerak 919.020,78 euro izan ziren, 2013an baino % 1,7 gehiago. Kopuru horiek panteoiak enkantean ateratzen ez diren urteetako zenbakien antzekoak dira (2009an, 942.388,77 euro bildu ziren, eta 2011n, 894.480 euro guztira), ez baitira ia aldatu ordenantza fiskaletako tasak azken ekitaldiotan, eta gorpu-eramateen igoerak ez baitira nabarmenak izan ondorio ekonomikoei begira.
Kolunbario berriak
Iruñeko Udalak aurten esleitzeke dauka errautsendako 80 kolunbario eraikitzeko kontratua, udal-hilerrian sortzen diren beharrak asetzeko. Altzairu herdoilezinezko bi modulu jarriko dira, 80 kolunbariorendako; modulu bakoitzak 4 ilara eta 10 zutabe izanen ditu, eta, gehienez 3 litroko 40 errautsetarako kutxa-gordailu izan ahalko ditu. Moduluen hornidura, garraioa eta muntaketa lanak egiteko lizitazio-aurrekontua 25.000 eurokoa da, BEZ barne.
Iruñeko hilerria
San Jose Hilerria XIX. mendearen lehen erdian eraiki zen eta 1928an Udalaren jabetzakoa bilakatu zen. 128.000 metro koadro inguruko azalera du; bertan daude, gutxi gorabehera, 15.000 nitxo, 1.800 kolunbario, 800 errautsendako kolunbario -hor errausketetatik datozen errautsak gordetzen dira-, 4.000 lurreko hilobi, eta 4.000 panteoi. Hilerrian gorpuak ehortzi eta errausten dira (eta ondotik, gorpuak desehorzten, berrehorzten zein gorpuzkinak errausten dira) betiere behar bezalako baldintzetan higieneari eta osasunari dagokienez, errespetuz eta garbitasunez; barrutia, gainera, zerbitzu mota hau eskaintzeko moduko baldintzetan mantentzen da estetikari, garbitasunari eta kontserbazioari dagokienez, eta herritarrek egindako informazio-eskariei, edo bestelakoei, erantzuten zaizkie.
Pasa den abendutik, Iruñeko hilerrian badago, halaber, Nafarroan 1936ko gerra zibilean eta frankismoan biktima izan eta erreklamatu ez diren gorpuzkinak ehorzteko eraiki zen panteoia, non jada gorde baitira identifikatu gabeko hamar biktimen gorpuzkinak.