Iruñea eta Paderborn lankidetza areagotzearen alde

Euskalerria Irratia 2015eko urriaren 20a

Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Michael Dreier Paderbornekoa. Argazkia: Joseba Asironek Twitter bidez zabaldua.

Iruñeko eta Paderborneko alkateek bi hirien arteko aldebiko lankidetza bultzatu nahi dute, 23 urteko etengabeko harremanari eutsita

Gaur goizean bi hirietako alkateak, Joseba Asiron Iruñekoa eta Michael Dreier Paderbornekoa, Udaletxean elkartu dira. Dreier Paderborneko alkate aukeratu zuten 2014an, eta hauxe du lehenengo bisita ofiziala Iruñean.

Egunari hasiera emateko, Iruñeko ikastetxe publiko bat bisitatu dute, Víctor Pradera ikastetxea; ikastetxe horretan 2013tik alemana komunikazio-hizkuntza moduan erabiltzea erabaki zen, eta orduz geroztik Paderborn-Víctor Pradera IP du izena.

Hedabideekin egon eta gero, bi udaletako ordezkariek lan-saio bat izan dute. Horretan, edozein motatako esperientzien berri eman diote elkarri. Besteak beste, landa-eremuko emakumeen egoera eta horien aukera enpresarialak aztertu dituzte, asko-askotan turismoari loturik baitaude landetxeen bitartez. Iruñera etorritako ordezkaritzan Paderborn-Landfrauen-eko Landa-eremuko Emakumeen Elkarteko hiru ordezkari daude. Landu dituzten bestelako gaien artean aipa daitezke ikasleen eta erretiratuen elkarteen trukeak, Donejakue Bidearen sustapena edota tokiko kudeaketa-esperientziak trukatzea, esate baterako, udal arloko polizia-ereduen antolakuntza.

Aspaldiko senideak

Alemaniako Paderborn hiria eta Iruña senidetuta daude 1992ko abenduaren 6az geroztik. Orduko hitzarmen horren babesean, handik urtebetera Espainiako Iparreko Elkarte Hispano-alemana sortu zen. Atzotik eta urriaren 25a arte elkarte hori kultur jardueren XXIII. astea egiten ari da Iruñean. Elkarte horrek jarduerak bultzatzen ditu, modu iraunkorrean, bi hirietako biztanleen artean esperientziak elkarri hurbiltzeko eta partekatzeko.

Udaletik aditzera eman dutenez, senidetza-harremana bi hirien arteko konpromiso bat da, bertako biztanleak elkar hurbiltzeko bideak bultzatzea helburu duena. Hori lortzeko, zenbait jarduera egiten dituzte, hala nola ikasleen trukeak, bisita ofizialak, kultur topaketak eta enpresa-jarduerak eta baterako merkatuak bultzatzea.

Sinergia horien adibidetzat jotzen du Iruñeko Udalak  Iraizoz txaletean dagoen erromesen aterpetxea: Udalarena da, Paderborn Etxea izenarekin ere ezagutzen da, eta Alemaniako hiri horretako Donejakue Bidearen Adiskideen elkarte batek kudeatzen du. Alemanek garrantzia handia ematen diote horri, eta horren erakusgarri dugu aurtengo denboraldian, gaur egun arte, Alemaniako 1.837 erromesek hartu dutela ostatu bertan; hau da, aurtengo martxotik irailera bitarte bertatik pasa diren 5.026 erromesen artean % 37 alemanak ziren.

Paderbornekin senidetuta egoteaz gain, Iruña Baionarekin (1960), Japoniako Yamaguchirekin (1980) eta Kolonbiako Pamplonarekin (2001) dago senidetuta, eta horiekin ere baditu adiskidetasun- eta lankidetza-harremanak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!