Herri libreen aldeko elkartasun manifestazio jendetsua

Euskalerria Irratia 2015ko urr. 13a, 09:19
Askapenaren aldeko manifestazioa atzo. Argazkia:Joxerra Senar.

Milaka lagun atera dira kalera Askapenaren aurka heldu den urriaren 19an eginen den epaiketa salatzeko. Askapena kolektiboko bost kide auzipetu dituzte.

Elkartasuna eta babesa helarazi diete milaka herritarrek Herri Libreak izeneko manifestazioan. Askapenako bost kide auzipetuko dituzte urriaren 19an: Walter Wendelin, Gabi Basañez, Aritz Ganboa, David Soto eta Unai Vazquez. Salatu dute epaiketa politikoa izanen dela eta herriak zanpatzeko beste saiakera bat izanen dela. Espainia salatu dute herri epaiketa batean.

Pablo Ruz epailearen aginduz, 2010ean auzipetutako bostak atxilotuak izan ziren beste hiru kiderekin batera, eta auziak aurrera jarraitu du. Fiskalak seina urteko espetxe zigorra eskatzen du, eta, gainera, Askapena, Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke legez kanpo uzteko eskatu du.

Ganboak Euskal Herriarekiko «jarrera inperialista» izateagatik salatu zuen Espainia. Arrazoien artean aipatu zituen Euskal Herriaren «izena eta izana» ezabatu nahi izan dituela estatuak, lurraldearen zatiketa bultzatu duela eta gatazkari irtenbide demokratiko bat ematea eragotzi duela. «Finean, Euskal Herria ukatu eta sistematikoki zapaltzeagatik, Espainiako Estatua errudun».

Atzo, Iruñean, Hispanitatearen Egunean, Herriak Libre dinamikak antolatutako martxan, milaka herritarrek zapatak bota zituzten Espainiako Estatuaren sinboloen aurka. Ekitaldiaren hasieran herri epaiketa sinbolikoa egin zuten. Amaieran irakurri zuen zigor epaia Itsaso Lekuona eledunak, eta «erruduntzat» jo zuen Espainiako Estatua, «herrien zapaltzaile izateagatik».

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!