Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatutako Euskal Tonbola Nafarroako tabernetara iritsi da. Abendura arte euro batean erosi ahal izanen dira euskarari bultzada emateko balio duten boletoak. Euskalerria Irratian asteazkenero 16:30ean Euskal Tonbolan jolasteko aukera izanen dute entzuleek.
Duela 10 urte lehenbiziko aldiz antolatu zuen Kontseiluak Euskal Tonbola baliabideak biltzeko eta euskararen aldeko kontzientzia hedatzeko.
Erosleak txartela hazkatu behar du saria zein den jakiteko. Nagusiak Kariberako eta Mediterraneoan zeharreko bidaiak dira. Baina bada besterik: MP3 irakurgailuak, kamera digitalak, sakeleko telefonoak, DVD irakurgailuak, asteburuak landetxeetan, DVD sortak eta afariak, besteak beste.Euro baten truke txartel bat erosi ahal izango da eta sariaren izenarekin batera, norbanakoen euskara sustatzeko konpromiso bana azalduko da. Ekimen honen bidez biltzen den dirua, euskararen normalizaziorako proiektuak gauzatzeko erabiliko da.