Bizikletaz ibiliko dira udaltzainak Iruñean eta bitartekaritza bulegoa zabalduko dute

Euskalerria Irratia 2015eko urriaren 1a

Joseba Asiron Iruñeko alkateak iragarri du Iruñerriko gainerako udaltzainekin eta Foruzaingoarekin koordinazioa handituko dela.

“Udaltzaingo eredua aldatuko dugu herritarrek gertuago senti dezaten euren jarduna eta euren jarrera gizatiarragoa izan dadin”, hala azaldu du Joseba Asiron alkateak. Udaltzainen lana gatazkak ekiditera eta sortuko balira konpontzea izanen da “herritarren artean elkarbizitza erraztea”. Horretarako bitartekaritza bulego bat ere zabalduko du Udalak.

Herrengandik gertuago, hurbilago ari nahi dute Iruñeko udaltzainek. Bizikletaz zeharkatuko dituzte Iruñeko auzo eta kaleak. Era berean, ingurumenarekin errespetuz eta mugikortasun jasangarriago batez ariko dira udaltzainak.

Udaltzaingoa Iruñerriko gainerako herrietako udaltzainekin eta Foruzaingoarekin elkarlanean ariko direla ere nabarmendu du Asironek: “Baliabideei ahalik eta etekin handiena ateratzen ahaleginduko gara”.

Iazko balantzea ere egin du Asironek. Datuak izan ditu eskuartean: 24.000 gertakari izan ziren, 7.478 salaketa izan ziren zuzenbide penalean eta 2.121 arreta eskaini zituzten trafikoarekin lotutako istripuetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!