Antolaketarengatik eta festetan izandako giroarengatik zorionak eman dizkio Iruñeko Udalak Alde Zaharreko Jai Batzordeari. Udala pozik ageri da batzordearekin eginiko elkarlanarengatik eta hurrengo urteotan bide beretik jarraitzeko bere asmoa adierazi du.
Lehen aldiz 2008. urtetik Iruñeko Udalak ez du egitarau propiorik antolatu San Fermin Txikirako. Horren ordez bat egin du Jai Batzordeak prestatutakoarekin Erraldoi eta Buruhandien konpartsa, udal dantzariak eta txistulariak eta La Pamplonesa musika bandaren parte hartzea bideratuz. Honetaz gain hiritarren segurtasunaz arduratu zen, tabernen ordutegia zabaldu zuen eta hesiak, argi indarraren azpiegiturak eta komun kimikoak kokatu zituen festa guneetan.