Martxoaren 8an abiatu zen Kurdistandik Emakumeen Mundu Martxako Europako karabana. Gaur arte, lurralde andana zeharkatu du Gure gorputzak, gure territorioak. Martxan jarraituko dugu denok aske izan arte! lelopean, eta milaka emakume izan dira horren lekuko. Orain, katalanei erreleboa hartu, eta Euskal Herria zeharkatuko du astebetean. Gaur goizeko 10:30etan iritsi da Tafallara. Han bandera moreekin eta haziekin egin diote harrera eta lorategi feminista bat egin dute Martxaren aldarrikapenekin bat eginez.
Eguerdian Garesen izan dira parte hartzaileak eta arratsaldeko 17:30 aldera Iruñean txirrindulari talde jendetsu batek lagundu du Martxa Udaletxe Plazaraino. Igandean Bilbon emanen diote amaiera, ekintza nazionalarekin eta ondoren, Galiziara joanen da karabana, urriaren 17an Lisboan amaitzeko.
Nazioarteko ekimen honen helburuen artean gogoeta eragitea dago: sistemen arteko indarkeria, bizitzaren iraunkortasuna, gorputzak eta sexualitatea, eta aniztasunaren kudeaketari buruz, besteak beste.
Aurtengo martxak elikadura burujabetzaren auziari egin dio so, bereziki. Euskal Herrian prestatu dituzten ekitaldietan ere badu isla gai horrek: hazien bankua osatuko dute, herriz herri jasotako laginekin, eta Galiziara bidaliko dituzte, karabana feminista herri horretarantz abiatzen denean. «Errenterian, berriz, baso feminista egin dute, eta urriaren 1ean inauguratuko dute», erantsi zuen Kattalin Minerrek aurkezpenean.
Azken hilabeteotan erakunde eta norbanako anitzek eman diote babesa eta atxikimendua Emakumeen Mundu Martxari.