Rodezno kondea plazari izena aldatuko dio Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 18a, 12:56
Serapio Esparza plaza (Argazkia: pamplona.es)

>Aurrerantzean Serapio Esparza plaza izanen da. Esparza II. Zabalgunea diseinatu zuen arkitektoa izan zen.
>Mola eta Sanjurjo militar frankisten gorpuzkiak Erorien monumentutik ateratzeko bidea aztertzen ari dira.
>Maravillas Lanberto izena jarriko diote Lezkairu auzoko plaza handi bati.

Serapio Esparza deituko da aurrerantzean Carlos III etorbidearen amaierako plaza. Esparza arkitektoa zen, eta Iruñeko II Zabalgunea diseinatu zuen. EAJko kidea ere bazen, eta Nafar Buru Batzarreko presidente hautatu zuten 1923an. Rodezno kondea, Tomas Dominguez Arevalo, aldiz, Francoren gobernuko lehen Justizia Ministroa izan zen.

Erabakia Udal Gobernu Batzarrean hartu dute, “hura sostengatzen duten lau indarren akordio programatikoa eta Memoriaren Legea betetze aldera”. Jarraian, izen berriak gainontzeko udal taldeei jakinaraziko dizkiete, eta horren ondotik alkatearen dekretu baten bitartez ezarriko dituzte.

Udalak halaber iragarri du Erorien monumentuen sinbologia frankista kenduko duela, eta lanean ari dela 36ko altxamenduko buru Mola eta Sanjurjo militar frankisten gorpuzkiak eraikinetik atera ditzaten.

Maravillas Lanberto plaza

Kale izendegian aldaketa gehiago eginen ditu Iruñeko Udalak. Lezkairu auzo berrian plaza handi bati Maravillas Lanberto izena jarriko diote. Guraso errepublikazaleak zituela eta, Lanberto bortxatu eta hil egin zuten frankistek Larragan, bere herrian, 14 urte zituelarik. Bestalde, Imaz anaiak karrikari ere izena aldatuko diote. Hemendik aurrera, Julian Arteaga deituko da. Arteaga ere arkitektoa zen, eta Iruñeko Lehen Zabalgunea diseinatu zuen. Imaz anaietako bat, Argimiro, general frankitsa izan zen. Bestea, Gerardo, 36ko altxamenduko buruetako bat izan zen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!