Iruñeko Udalak Pobreziaren eta eskasiaren aurkako foroa abiarazi du hiriko hainbat elkarte eta herritar-gizatalderekin elkarlanean. Foroaren helburua hiriko pobrezia-egoerei aurre egitea izanen da, halakoak murrizteko ideiak eta proiektuak bilduz. Foroaren lehen erabakia Iruñea etxegabetzerik gabeko hiri izendatzea izanen da. adierazpena urriko osoko bilkuran onestea da asmoa, aurrez foroan eztabaidatu ostean.
Lau lantaldetan egituratuko da foroa (gizarte-eskubideak, etxebizitza, gizarte-ekonomia eta aniztasuna), eta, besteak beste, Etxebizitzari buruzko Ordenantza berria eta Geltoki proiektua sustatuko ditu.
Foroa gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrean foroan arituko diren funtsezko lau alorretako zinegotzi ordezkariek: Gizarte Ekonomiaren aldetik, Patricia Perales zinegotzi ordezkaria; Etxebizitzarenetik, Joxe Abaurrea; Gizarte Eskubideen aldetik, Edurne Eguino, eta Aniztasunaren aldetik, Ana Lizoáin.
Iruñeko Udalak lanean dihardu dagoeneko foroan partekatu eta adostekoak diren neurrien inguruan. Horrenbestez, foroak sustatuko du gaur egun hutsik dauden Udalaren 170 etxebizitzak iruindarren eskura jarriko dituen Ordenantza. Horrez gain, bulego bat irekiko du, besteak beste, alokairu sozialeko etxebizitza-poltsa bat sortzeko, eta hirian hutsik dauden etxebizitzak betetzeko. Gaur Gizarte Ekonomiako lehen lantegi bat egin da “Geltoki” proiektuaz aritzeko. Hau gune berezi bat izanen da hirian, beste ekonomia ereduak jorratzeko helburu nagusia izanen duena. Bere egoitza autobus geltoki zaharrean kokatuko da.