2015/09/22 19:30

Olerki eta musika errezitaldia

“Nola belztu behar zuria” olerki eta musika errezitaldia

“Nola belztu behar zuria” olerki eta musika errezitaldia
Civivox Kondestable, Iruñea

 

 

 

Bide Ertzean, Oier Guillan eta Asier Sarasola. (Joxan Artzeren poemak)

 

Nola belztu behar zuria

 

Joxan Artzek “Heriotzaren ataria dugu bizitza” eta “Bizitzaren atea dukegu heriotza” izeneko poesia liburuak kaleratu ditu Elkar argitaletxearen eskutik. Bertako poemak oinarri hartuta poesia eta musika emanaldia sortu dute Bide Ertzean taldeak eta Metrokoadroka kolektiboak: zazpi poema kanta bihurtu eta beste hogei inguru errezitatuko dituzte.

 

Emanaldia osatzeko orduan beren ohiko errezitaldietatik haragoko bidea egiten saiatu dira egileak: Bide Ertzean taldekoek pop-folk doinuen bidea hartu dute musikalki, Metrokoadroka kolektiboko kideek teatro ukituak dituen errezitatzeak egin dituzte, bien estiloak elkartuta eta gurutzatuta emanaldi propio eta ez ohikoa sortuz.

 

Edukiei dagokionez, liburuek jorratzen dituzten gaietan barrena osatu dute ibilbidea egileek: maitasuna, bizitza-heriotza, ama-aita, itsu-mutu-gorkeria, olerkaria zuria belzteko tenorean… Artzeren idazkerak dituen ardatzak hartu dituzte aintzat horretarako zuzenekoan: musikaltasuna, erritmoa, irudi kateatuak, hitz jokoak, sakontasun lirikoa.

 

Nola belztu behar zuria, funtsean, Joxan Artzeren poesiaren mundu zabala ahots eta doinuz jantzi nahi duen emanaldia da.

 

Emanaldia DVDan

 

Nola belztu behar zuria enkarguz sortu zuten egileek, Jexux Artze kultur elkartearen eskariz. Lehen emanaldia Usurbilgo Sutegi aretoan izan zen, 2014ko maiatzaren 3an. Emanaldiak izan duen harrera ona ikusita, DVD euskarrian grabatu eta plazaratzea erabaki zuten egileek, Joxan Artzeren libururik berrienak plazaratu dituen ELKAR argitaletxearen eskutik.

 

DVDa 2015eko irailean aurkeztuko da.

 

 

 

FITXA ARTISTIKOA

 

Egileak:

 

Bide Ertzean eta Metrokoadroka.

 

Musika:

 

Bide Ertzean; Imanol Ubeda, Joni Ubeda, Karlos Aranzegi.

 

Errezitaldi dramatizatua:

 

Metrokoadroka; Asier Sarasola, Oier Guillan.

 

Testuak:

 

Joxan Artze, Heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza (Elkar, 2013) poesia liburuak oinarri hartuta.

 

Kartela eta iruditeria:

 

Idoia Beratarbide.

 

Hizkuntza: Euskara

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!