UPNk dio Spidermanen kamiseta "probokazioa eta herritarrekiko iraina" dela

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 10a, 10:10
Aurtengo Batasunaren Pribilegioaren Eguneko segizioa abiatzeko unea (Argazkia: Aranzadi)

Zinegotziek ekitaldi ofizialetan zein arropa jantzi behar duten zehazteko eskatuko du hurrengo udal bilkuran.

Asteartean, irailaren zortzian, Batasunaren Pribilegioaren segizioan frakik eta xisterarik gabe, kalez jantzita parte hartu zuen Aranzadiko zinegotzi Armando Cuencak, soinean Spiderman-en marrazkia zuen kamiseta zeramala. Eta erabakiak hautsak harrotu ditu.

Cuencaren arabera, hori bere “lan jantzia” da, egunero zinegotzi moduan lan egiteko daraman arropa, eta halaxe azaldu nahi du herritarren aurrera. Azalpenok, baina, ez dituzte UPNko zinegotziak konbentzitu. Cuenca eta Izquierda-Ezkerrako Edurne Egino kalez jantzita zeudela-eta, ez zuten segizioan parte hartu, eta orain iragarri du hurrengo udal bilkuran eskatuko duela Udalbatzak zehaztu dezala zinegotziek zein arropa erabili behar duten ekitaldi ofizialetan.

“Asiron da sorturiko egoeraren arduraduna; izan ere, berak ahalbidetu zuen bi zinegotzik arautegia urratzea”, salatu du UPNk prentsa ohar batean. Batasunaren Pribilegioaren segizioan Spidermanen kamiseta janztea “probokazio bat da, eta herritarren aurkako iraina”. Hori horrela, UPNk Udalbatzan zehaztu nahi du zein den ekitaldi ofizialetarako janzkera, “udal taldeek argi utz dezaten orain arteko janzkera ofizialaren alde egiten duten ala iruditzen zaien Spidermanen kamisetak behar bezalako duintasunarekin ordezkatzen duen Iruñea”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!