Iruñeko alkate Joseba Asironen aburuz, “hiriek oso aukera gutxi dituzte ospakizun guztiz zibilak egiteko, eta Batasunaren Pribilegioaren urteurrena horretarako aukera paregabea da, gertakari guztiz zibila izan baitzen”. Horregatik, Udalak bihar, Batasunaren Pribilegioaren urteurrenean, ez du mezetara joatera deituko, “baina mezak izan izanen dira, ez baititu Udalak antolatzen baizik eta Kabildoak”.
Segizioan korporazioarekin batera Erraldoien eta Kilikien Konpartsak eta Pamplonesa musika bandak parte hartuko dute. Zinegotziek nahi duten bezala jantzita joateko aukera izanen dute. “EH Bilduko kideok galaz jantzita joatea erabaki dugu, baina errespetatzen dugu beste taldeek beste zerbait egin nahi izatea”, dio EH Bilduko alkateak.
Mezen zein zinegotzien janzkeraren inguruko erabakiek UPNren kritikak eragin dituzte. Alkatearen hitzetan, “batzuk tematzen ari dira azaleko kontuekin iskanbilak antolatzen” eta “tristea litzateke talderen batek Batasunaren Eguneko ekitaldietan ez parte hartzea, baina erabakia harena litzateke, eta ez udal aginte batzarrarena”.
Aldaketaren aldeko alkateen bilkura
Asiron ostiralean eta larunbatean Bartzelonan izan zen, aldaketaren aldeko alkateen topaketan, besteak beste, Bartzelona, Madril eta Cadizkoekin. “Estatuan aldaketa handia gauzatu da hainbat udaletan, eta aukera polita izan da komunean ditugun aldaketa nahiak, esperientziak, arazoak konpartitzeko. Lan talde polita sor daiteke datozen erronkei aurre egiteko”, azaldu du euskaldunon hiri buruzagiko alkateak.
Bilerotan besteak beste Bartzelonako alkate Ada Colauk bultzaturiko errefuxiatuentzako aterpe-hirien sareaz mintzatu dira. “Hainbat estatutako gobernuen jarrera salatu dugu, esaten baitzuten ezin zela deus egin, ezin zituztela errefuxiatuak hartu. Hirietatik hori ez dela hala erakutsi dugu. Orain gogotik egin behar da lan, afera honek ez baitu 15 egun iraunen: etxebizitza, lana, eskola… Arazo asko konpondu behar dira”, azaldu du Asironek. Gaur goizean Iruñeko Udal Aginte Batzarrak Gobernuz Kanpoko Taldeekin bilera eginen du, gai hori jorratzeko.