Irailaren 16tik 22ra, bizikleta nagusi izanen da Iruñean, Europako Mugikortasunaren Astea dela eta. Bi bizikleta martxa eginen dituzte: bat irailaren 16an, asteazkenarekin; bestea 19an, larunbatarekin. Horretaz gain, 21ean, astelehenarekin, bizikleta hirian integratzeko jardunaldia eginen dute.
Hiru ekimenotan parte hartzeko epea dagoeneko zabalik dago. Musu truk egin daiteke 010 telefono zenbakian (948 42 01 00 Iruñera kanpotik deitzen bada) eta Udalaren webgunean. Hiru ekitaldiak Udalak Bizikletaren Behatokiarekin elkarlanean antolatu ditu.
Hilaren 21eko bizikleta bultzatzeko jardunaldia Condestable Jauregian eginen dute. Goiz eta arratsaldez, hainbat adituk bizikleta garraiobide iraunkor bezala integratzeko erronka aztertuko dute. Donostiako eta Zaragozako udaletako ordezkariek parte hartuko dute, baita ConBici eta GEA21 taldeetako kideak ere, besteak beste.