ETAren aurkako UPNren adierazpena onartu du Iruñeko Udalbatzak

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 4a, 09:00
Atzoko Udalbatzako une bat (@MikelNavarro_)

UPNk, PSNk eta Izquierda-Ezkerrak alde bozkatu dute. EH Bildu, Geroa Bai eta Aranzadi abstenitu dira, testuak ez dituelako aintzat hartzen indarkeria guztien biktimak.

UPNren adierazpenak hiru puntu zituen: ETAren gaitzespena, ETAren biktimekiko elkartasuna, eta ETA desegiteko eskaera. Geroa Baik laugarren bat gehitzeko eskatu zuen: giza eskubideen urraketa guztien gaitzespena. Alderdi erregionalistak, baina, ez zuen onartu.

Hori horrela, EH Bilduk, Geroa Baik, Aranzadik eta Izquierda-Ezkerrak ekimena alderdikoia zela salatu zuten. Hala eta guztiz ere, I-Eko zinegotziak, Edurne Eginok, adierazpenaren alde bozkatzea erabaki zuen, eta bozka hori erabakigarria izan zen onartua izan zedin.

Adierazpena defendatzeko tenorean, UPNko eledun Enrique Maiak oso hitz gogorrak erabili zituen EH Bilduko eledunen aurka. Joseba Asiron alkateari ETAren biktimak iraintzea leporatu zion, indarkeria gurutzatuaz hitz egiteagatik; eta Joxe Abaurrea zinegotziari “koldarra” izatea, ETAk Tomas Caballero hil zuenean hilketa ez gaitzesteagatik.

“Inork ezin du zalantzan jarri udal gobernu batzar honen giza eskubideekiko konpromisoa. Eta alor pertsonalean, inork ezin du zalantzan jarri nire arbuioa indarkeria mota guztiekiko, nire ibilbidean etengabea izan baita, adierazpen interesatuez eta herritarrak nahasteko ahaleginez harago”, erantzun zuen Asironek. Abaurreak, berriz, “minduta” sentitu zela esan zion Maiari.

Horretaz gain, Udalbatzak aho batez onartu zuen Iruñean errefuxiatuentzako aterpe-hirien sarean parte hartzea, eta atzera bota zuen, aldiz, UPNk Abiadura HAdniko Trenaren alde aurkezturiko adierazpena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!