Sanfermintza saioan eraso sexisten aurkako kanpainaz ariko dira gaur

Euskalerria Irratia 2015ko uzt. 10a, 11:39

Sanferminak berdintasunean taldeko Miren Aristu izanen da Zaldi Zurian, Euskalerria irratiak egiten duen saioan. Iruñetik kanpo sanferminak nola bizi dituzten ere kontatzera etorriko dira Altsasuko, Zizurko eta Lizarrako zinegotziak.

Laugarren entzierroaren berri Berriako kazetari Ander Perezek emanen du goizero bezala Sanfermintza saioan. Iritzi emaileak entzunen ditugu eta erraldoi eta buruhandien konpartsarekin bat eginen dute.

Iruñeko Udalarekin batera hainbat kolektibok eta emakumeen elkartek bat egin dute sanferminetan eraso sexisten aurkako kanpaina aurrera eramateko. Sanferminak berdintasunean taldeak prestatu ditu kanpainak. Miren Aristu aritu da ekimenak antolatzen eta horren berri ematera joanen da Zaldi Zurira.

Iruñetik kanpo sanferminak nola bizi dituzten ezagutzeko aukera ere izanen da Sanfermintza saioan. Altsasuko zinegotzi Jabi Ollo, Zizurko Jon Gondan eta Lizarrako Koldo Leoz izanen dira euren esperientzia kontatzen.

Musika zuzenean ere izanen da gaurko saioan. Txistularien alardeari buruz hitz egitera Koldo Berasategi joanen da Zaldi Zuriko tabernara eta txistua ere izanen du lagun abesti bat Euskalerria irratiko ikus-entzuleekin konpartitzeko. Edmundo Lakortek ere musika zuzenean eskainiko du gaur.

Ene Kantak taldeko lagunak ere izanen dira Sanfermintza saioan. Igandean ikuskizuna eskainiko dute Oinez Txokoan, Takoneran, eta Urko Oskozekin batera haurrak ere izanen dira Zaldi Zurian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!