Iruñeko zinegotzien soldata jaisteko proposamena aztertuko dute ostiralean

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 30a, 09:13
Joan den legealdiko osoko bilkuraren irudia. Argazkia: eitb.eus

Osoko bilkura izanen dute Iruñeko Udalean. Alkatetzak soldatak jaisteko eta sozietate publikoetako dietak alboratzeko aukera mahai gainean jarriko die zinegotziei.

Alkatearen soldata %16,95 jaitsiko litzateke, zinegotzi ordezkariena %9,17 eta zinegotzi ordezkari eledunena %%19,27. Proposamen hori jarri zuen mahai gainean Joseba Asiron alkateak joan den astean. Heldu den ostiralean eztabaida izanen da Udaleko osoko bilkuran gaia uztartzeko. Soldata jaitsieraz gain, eledunek jasotzen duten soldata osagarria ere desagerrarazi nahi du, sozietate publikoetatik (Mercairuña, Comiruña, Animsa eta Pamplona Centro Historico) jasotzen ziren dietak alboratu eta dedikazio osoa duten zinegotziei soldata izoztu nahiko lieke Iruñeko alkateak.  

Osoko bilkuran, batzordeetan, gobernu batzarrean eta eledunen batzarrean jasotzen dira bertaratze dietak ere jaistea jasotzen du Asironen proposamenak. Modu horretan, bertaratze dieten erregimenari atxikita dauden zinegotzien soldata %52 jaitsiko litzateke: 21.082,64 euro jasotzetik 10.000 euro jasotzera pasako lirateke. Desagerrarazi nahiko lituzke, era berean, udal taldeen bileretan parte hartzeagatik jasotzen diren dietak.

"Udaleko langile publikoen soldatak egoerak agintzen duenera egokitu beharra daude" , azaldu zuen Asironek. Gauzak horrela, alkatearen soldata %16,95 jaitsiko litzateke 74.745 euro jasotzetik 62.071 jasotzera pasako litzateke. Zinegotzi ordezkari eledunek 60.208 euroko soldata izatetik 48.602 euroko soldatara pasako litzateke; zinegotzi ordezkariek 53.512 euro jasotzetik 48.602 euro jasotzera pasako lirateke eta eledunen taldean erabateko jarduna dutenek 43.047 euroko soldata izatetik 36.351 euroko soldata izatera  pasako lirateke. Bertaratze dieten erregimenari atxikitako zinegotzi eledunek 26.662 eurotik 10.000 euro jasotzera pasako lirateke eta erregimen horri atxikitako zinegotziek 21.082 eurotik 10.000 eurora.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!