Sanferminen bezperan, uztailaren 5ean, Astelehen Lilak taldeak elkarretaratzea antolatu du Gazteluko plazan. Horixe izanen da sanferminetarako prestatu duten ekimen sortaren artean lehena. Uztailaren 7an udaletxean lazo morea zintzilik jartzeko ere eskatu dio taldeak gaur udal gobernuari. Batzarra egin dute emakumeenganako indarkeriaren aurka antolatu dituzten ekimenen berri eman eta udal taldeen parte hartzea eskatzeko. Baiezkoa jaso dute prestatu dituzten ekimen guztietarako. EH Bilduk, Geroa Baik, Aranzadik, Izquierda-Ezkerrak eta baita alderdi sozialistak ere bat egin dute eraso sexisten aurka antolatu ekimen guztiekin.
No es no, Ezetza ezetz da goiburua jarriko dute uztailaren 7an udaletxeko fatxadan. Kolore morea nagusituko da gainera: argiztapen berezia jarriko diote eta lazo lila erraldoi batek emakumenganako erasoak gaitzetsiko ditu. Beste proposamen bat ere egin dio elkarteak udal gobernuari: uztailaren 6an jaurtitzen diren suzirietako bat eurek botatzea. Onartu egin dute hori ere. "Urteotako lanaren emaitzak jasotzen ari gara", nabarmendu du Tere Saezek Astelehen Lilak taldeko kideak. Kontent azaldu dira udal taldearengandik jaso duten erantzunarekin .
Uztailaren 5ean eginen dute protesta Astelehen Lilak taldeko kideek. 12:00etan Gazteluko plazan Nagore Laffage gogora ekarriko dute "Laffagek duen memoriarako eskubideagatik, justiziagatik eta zor zaion ordainagatik". Elkarteak prestatu duen kanpaina orokorragoa ere bada eta horretarako hainbat goiburu erabiliko dituzte prestatutako ekimenetarako: kalea, gaua eta jaia denona da; Ezetza ezetz da; Erasorik ez; Jaiak berdintasunean; Hil dituzten emakumeak gogoan eta Justizia denontzat.