[Argia]
Urte osoko desinhibitzearekin lotzen ditugu jaiak, dena dago baimenduta. Hala ere, muga batzuk markatzen ditugu, “baina badirudi emakumearen gorputza ez dela muga, besteen gozamenerako erakargarri bat baizik, desio iturri bat”, dio Etxebarrietak. Horren lekuko, Sanferminetako urteroko irudiak: neska kamiseta kenduta eta mutil andana inguruan, ahal bezainbeste esku sartzen. Elkarrizketatuen hitzetan, gauza bat da jaien euforian topless-a egiteko gogoa izatea, eta bestea hori egiteagatik gainerakoek zu ukitzeko baimena eta eskubidea dutela pentsatzea. Lotsagarria iruditzen zaie aurten oraindik ere konpainia turistikoek irudi horiek erabiltzea atzerritarrak Iruñera erakartzeko. Halako publizitatea ez da onargarria, eta administrazioaren erantzukizuna ere badela gaineratu du Etxebarrietak: “Eraso sexistak saihesteko prebentzioa funtsezkoa da eta prebentzioa da, adibidez, konpainia turistiko horri isuna jartzea, neurriak hartzea. Bestela, desoreka izugarria da: berdintasun planen baitan gu hitzaldi pare bat ematera joan gaitezke eskolara, baina institututik atera eta gero errealitate hori aurkitzen badute, edo Mujeres y hombres y viceversa telebista saioa ikusten badute egunero, zein zentzu dauka landutakoak?”.
Zein ari gara epaitzen, erasotzailea ala biktima?
Jaietako desmasien baitan, mugak ezartzea zailagoa dela dirudi, eta alkoholaren edo drogen eraginpean egindakoa desenkusatzen dugu maiz. Alkohola, ordea, aitzakia merkea baino ez dela uste dute elkarrizketatuek. “Kontua zera da, gizarteak bakarrik ez, legeak berak ere justifikatzen eta onartzen duela argudio hori; legea da gizartearen isla eta alderantziz: arauek esaten dizutenean egindakoa gehiago barkatzen zaizula edanda zinelako, gizarteak horri erantzuten dio baita ere. Izugarriak dira zuriketa horiek, drogak tartean direlako dena libre balitz bezala”, salatu du Etxebarrietak.
Are gehiago, biktima izan den emakumea bera izaten da sarri kritiken jomuga. Nagore Laffageren kasuan ere, krimen ikaragarria izan arren, hori du gogoan Asun Casasolak: “Hainbatek hala zioen, ea Nagore zergatik igo zen Yllanesen pisura, horrek hiltzeko eskubidea eman izan balio bezala mutilari! Beste pertsonaren askatasuna errespetatzen ez duenak du errua. Epaiketara ere justizian erabateko konfiantza nuela joan nintzen, deklaratzera atera ninduten arte. Herri epaimahaiak hiru galdera prestatu zituen epaileak niri egiteko; lehenengo biak ez zizkidan egin, gogorrak iruditu zitzaizkiolako (auskalo zer galdetuko ote zuten…), eta hirugarrena bai, denetan leunena zela-eta: herri epaimahaiak jakin nahi zuen ea nire alaba oso mutilzalea (“muy ligona”) al zen. Orduantxe konturatu nintzen ez zegoela zereginik. Nor ari ziren juzgatzen? Epaimahaia bederatzi lagunek osatzen zuten: gutxi gorabehera 23-39 urte arteko sei emakume eta hiru gizon, jende gaztea eta ikasia. Epaimahaikideetako bati gero hedabideren batean entzun nion kontatzen, mutilari begiratu eta pena ematen ziola, zeinen gaizki ari zen pasatzen gizajoa… Eta nire alabak ez al zion penarik ematen? Irudiak geratu egin behar izan zituzten-eta epaiketan, hain ziren bortitzak!”.
Lehenengo eta bigarren mailako herritarrak daude, eta emakumeak bigarren mailako herritarrak dira, Etxebarrietak gaineratu duenez: “Normaltzat jotzen da guri gauza jakin batzuk gertatzea edo gertatu ahal izatea, emakume jaio izate hutsagatik. Batzuetan badirudi emakume izanda kalean ordu txikietan nagoelako jasotako ordaina dela, egoera saihestea gure ardura dela. Oso ondo erakutsi digute non egon behar dugun eta non ez; gizarteak markatzen dizkigun lerroak oso barneratuta ditugu, eta lerro horiek zeharkatzeagatik kritikatuko dugu neska. Baina errua inoiz ez da berea, inork ezin dio esan kale jakin batetik igaro delako gertatu zaiola hori. Errua da bortxatzen eta hiltzen duenarena, eta hala ere, oraindik barkamena eskatzen gu aritu behar, leku desegokitan egoteagatik edo dena delakoa egin izanagatik”.
Gezurra dirudien arren, oraindik ere “ez” esateak ezetz esan nahi duela errepikatu beharra dago. Eta ezetza gainera edozein unetan iritsi daitekeela: “Ni oso gustura egon naiteke musukatzen, eta une jakin batean gehiago nahi ez izatea erabaki dezaket. Horraino egin beharko du orduan besteak, ezetz erabakitzeko eskubidea duelako norberak, eta hori errespetatzeko betebeharra besteak”, dio mugimendu feministako kideak.
Indarkeriaren espirala gustu txarreko adarjotzea onartzetik hasten da
Alabarena gertatu zenean, poliziak kontatutakoarekin ikaratuta geratu zen Casasola, “hain zen astakeria Sanferminetan egunero zegoen bortxaketa kopurua”. Muturreko kasuekin asaldatzen garen arren, hain larriak ez diren eraso matxistak asko eta asko direla azpimarratu du, nahiz eta sarritan ezkutuan geratu, ez direlako salatzen ez azaleratzen. Etxebarrietaren hitzetan, “adarjotzea da lehenengo, ‘a ze titi ederrak!’, eta zuk pikutara bidaltzen dituzu eta bordea zarela erantzuten dizute, txantxa onartuta dagoelako; gero ipurdia ukituko dizute, buelta eman eta zerbait esaten diezu, baina barrez erantzuten dute, hori ere onartuta dagoelako; ondoren besotik fuerte helduko zaituzte; musukatzera behartuko… Biolentziaren gurpil bat da, txikitik handira doana. Nagoreri gertatutakoaren modukoak jaietan ematen diren tragediatzat hartzen ditugu, baina hasieratik onartzen badugu biolentziaren gurpil hori, azkenean halakoak gerta daitezke. Guztiz neutralizatuta gaude indarkeriaren aurrean, gertatzen diren gauza gehienak normaltzat ditugu, baina ez, ez da normala entzun nahi ez duzun piropo nazkagarri bat botatzea norbaitek, edo ipurdia ukitzea… Ez dira txikikeriak eta jai giroan emakumeak edozein motatako erasoren jomuga izatea (eta gainera isilik onetsi behar izatea) ez da onargarria”.
Kazetaria: Mikel Garcia Idiakez