Alde Zaharrean bizi plataformak deituta, joan den ostegunean manifestazioa egin zuten hainbat bizilagunek. Auzoan pilatzen den taberna kopuruarekin sortzen den zarata izugarria dela salatzen ari dira zenbait herritar. “Zaratarik ez, Alde Zaharrean bizi” goiburuarekin Gazteluko plaza eta Udal plaza zeharkatu zituzten. Protesta egiteaz gain sinadura bilketa ere abian jarri dute. Charge.org plataformaren bidez herritarren sinadurak bildu nahi dituzte eskaera bat egiteko: Udalari eskatuko diote ez ditzala taberna gehiago zabaltzeko lizentziarik eman. Kontrolik gabe ostalaritza zerbitzua eskaintzeko tabernak zabaldu dituzte Alde Zaharrean euren ustez eta horrek sortzen duen soinua gehiegizkoa da egunerokoan lasai bizi ahal izateko.