Apaingarri gisara 15.000 esku gorri eginen dituzte Ordoiz zentroko erabiltzaileek, buruko gaitzak dituzten herritarrentzako guneko kideek. Sanferminetan abian jarriko du bigarren urtez jarraian Iruñeko Udalak eraso sexisten aurkako kanpaina: "Paparrean esku gorriak eramateko deia da, emakume askok pairatzen duten indarkeria oro gaitzesteko". Joan den ekainaren 6an banatu zituzten lehen apaingarriak eraso sexisten aurka antolatu zuten lasterketaren egunean.
Iruñeko Udalarekin batera beste hainbat kolektibo ari dira parte hartzen Sanferminetara begira prestatzen ari diren kanpainan. Udaleko Emakumearen Udal Batzordeak egindako proposamenetik sortu da ideia eta Sanferminak berdintasunean izenarekin ari dira lanean beste taldeekin batera: Ongizate eta Berdintasun arloa, Hiri segurtasuna, Hezkuntza eta Kultura arloa eta baita emakumeen talde zein jai herrikoiak antolatzen diharduten kolektiboak ere. Eraso sexistarik gabeko jaien alde leloa izanen du aurten ere Sanferminetarako Iruñeko Udalak prestatu duen kanpainak. Herritarren erantzuna aktibatu nahi du kanpainak eraso sexisten aurrean. Ez hori bakarrik, eraso bat pairatuta edo arrisku egoeran izanda zein baliabide dagoen jakinarazi nahi dute, arreta eskaini eta salaketak jartzeko babesa ematea ere.
Ikastaro multzoak profesionalentzat
Egunkarietako, irratietako eta telebistako profesionalei zuzendutako ikastaroa eginen du Iruñeko Udalak. Iaz egindako kanpainari jarraiki, eraso sexisten aurrean edo indarkeria matxista komunikabideetan azaltzerako unean zein tratu eman behar zaion jorratzea da ikastaroaren nahia. Udaltzainentzat ere izanen da: Eraso sexista baten aurrean lehen laguntza nola eman izanen du ardatz.