Epaileak artxibatu egin du Simon Santamariaren aurkako auzia

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 17a, 09:30

Ez da epaiketarik eginen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko instrukzio epaileak hala ebatzi baitu. Santamariak auto judizialaren kontra aurkeztutako helegitea onartu du epaileak.

Iruñeko 3. instrukzio epaitegiko buru Mari Paz Benito epaileak agindua eman zuen Simon Santamaria Iruñeko udaltzainburu ohiaren aurka ahozko epaiketa abiatzeko. APM udaltzainen sindikatuaren salaketen bidez zabaldu zuen epaileak ahozko epaiketa egiteko aukera. Santamariak baina, instrukzio epailearen auto judizialaren kontra helegitea aurkeztu eta onartu egin du epaileak. Hortaz, ez da epaiketarik izanen Santamariaren aurka behin betiko artxibatu baitu auzia. Instrukzio epaileak jaso du ezin dela frogatutzat eman prebarikaziorik eta lankideen aurkako jazarpenik izan zenik eta hortaz artxibatu egin du Santamariaren aurkako auzia.

Udaltzainen buruan eginiko urteetan, hamasei, sindikatuek eta udaltzainek beraiek behin baino gehiagotan kritikatu dute haren jarduteko modua. Hain justu, sindikatu batek jarritako salaketa bat dela-eta inputatu zuten Santamaria eta, harekin batera, haren gertuko beste lau udaltzain ere. Udaltzaingoaren "militarizazioa" egotzi izan diote talde politikoek.

Yolanda Barcinaren konfiantzazko kargua izan zen Santamaria, 1999an udaltzainburu izendatu zutenetik aurtengo urtarrilean kargugabetu zuten arte. Yolanda Barcina alkate zela, iritsi zen udalera Santamaria, eta Maiak kargua berretsi zuen 2011n, oposizioaren iritziaren aurka. Alfonso Fernandez Torresek hartu zuen Santamariaren lekukoa Iruñeko Udaltzaingoaren buruzagi gisa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!