Sanferminetako Jai Guneko egitarau "anitza eta oparoa" aurkeztu dute

Euskalerria Irratia 2015eko ekainaren 16a

Jai Gunean kontzertuak izaten dira nagusi arratsaldetik gaurerdira arte. Argazkia: sanferminak.eus

Runan eginen den azken jai gunea izanen dela uste du Gora Iruñea plataformak.

Runa parkeak hirugarren urtez jarraian jai gunea hartuko du Sanferminetan. Gora Iruñea plataformak jai herrikoiak, parte hartzaileak, euskaldunak eta parekideak antolatu ditu aurten ere: “Guztiok parte hartu dezagun gune anitza izanen da”.

Musika, dantza, haurrentzako txokoa, otorduak eta animazioa izanen dira nagusi  jai gunean. Mila lagundik gora ari dira lanean Runako eremua prestatu eta Sanferminetan herritarrek “euskal giroko jaiak” izan dezaten laguntzen. Iruñeko Udalean izan den aldaketari ere begiratu diote Gora Iruñea plataformako kideek: “Sanferminetako mahaia osatzeko urteotan izan dugun nahia egi bihurtuko delakoan gaude herritarrek erakundeetako ordezkariekin batera jai herrikoiak antolatze aldera”. Aurten ezinezkoa bada ere, datorren urtean Sanferminen antolaketa «guztion arteko elkarlanaren bidez» eginen dela ziur daudela adierazi dute. Zentzu horretan, 2016an ez dutela Jai Gunerik nahi esan dute: "2016an hiri osoa Jai Gune herritarra izanen da, herritarrok Iruñeko Udal berriarekin batera gure hiriko jai garrantzitsuenak prestatuko ditugulako”.

Egitarau zabala

Aurtengo egitarauari dagokionez, «anitza eta oparoa» dela aurreratu du. Alde batetik Jai Gunean bertan antolatu dituzten ekintzak daude, eta bestetik kaleko egitaraua.

Runan Txiki Gune bat antolatuko da, egunero 12:00etatik 20:00etara irekita egonen dena. Egunero ekimen kulturalak antolatuko dira eta bertan Ene Kantak, Porrotx eta Irrien lagunak arituko dira, besteak beste. Uztailaren 8an Txiki Eguna ospatuko da, egun osoan zehar txikiei zuzendutako egitarauarekin.

Jai Gunean ere euskal kulturaz gozatzeko aukera izanen da. Aurten Jon Maia,  Uxue Alberdi edota Aimar Karrika bertsolariekin abesteko aukera izanen baitira. Hutsun taldeak ere txalaparta ikuskizuna eskainiko du, eta honetaz guztiaz aparte beste hamaika ekimen ere izanen dira. Kultura aniztasuna eta jatorri desberdineko ohiturak ikasi eta jaki desberdinak dastatzeko  aukera ere izanen da,  Pais Valenciá-tik etorriko den talde batek paella jate herrikoi bat eskainiko dute eta bastoners, dulzainas, pelotaris eta demonis ikuskizunak ere ekarriko dituzte Iruñeko festetara.

Sukalde zerbitzu ekologikoa eskainiko dute aurten ere. Lakabeko kideak izanen dira horren arduradunak.

Musika eskaintzari dagokionez Kop, Su ta Gar, Gatillazo, Zea Mays, Ze esatek, Yo no las conozco, S. Curro y Papa Wilson eta Dj Sohai-ren kontzertuak iragarri dituzte.

Hori guztia posible egiteko eta aurrera ateratzeko herritarren laguntza beharrezkoa dela nabarmendu dute eta babes ekonomikoa ezinbesteko jo dute. Sanferminei buruzko informazio osoa zabaltzeko www.sanferminak.eus ataria abian jarri dute. Bertan ekarpen ekonomikoa ere egin daiteke.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!