Asiron: “Udal hautetsi guztiek merezi dute errespetua, eta Sarasaten irain asko bota zituzten“

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 15a, 11:20

Iruñeko alkate moduan lehen lan eguna izan du gaur EH Bilduko Joseba Asironek.

Asiron udaletxeko bere bulego berritik mintzatu da telefonoz Euskalerria Irratiarekin. Oraindik ez dira erabat itzali larunbatean Udal plazan bere kargu hartzearen karietara antolaturiko festa handiaren oihartzunak. Besteak beste, Maia alkate ohia kexu azaldu da plazan iraindu zutelako eta Asironek ez duelako hori gaitzetsi. Asiron alkate berriak erantzun dio udal hautetsi guztiek merezi dutela errespetua, eta irainak Sarasate pasealekuan, EH Bilduk alkatetza hartzearen aurkako elkarretaratzean, oso ugariak izan zirela.

40 bat ordu igaro dira aginte makila jaso zenuenetik, Udaletxe plaza mukuru beterik zegoelarik. Zein oroitzapen duzu?

Oroitzapen asko ditut, eta oso hunkigarriak guztiak. Lan handia egin dugu. Aurrekanpaina eta kanpaina oso gogorrak izan dira. Eta indar ezberdinen artean izan ditugun elkarrizketak ere oso serioak izan dira. Larunbatean tentsio hori guztia askatu zen. Baina hori baino haratago ere, hiri moduan, beste irakurketa bat badago: legealdi asko eman ditugu memento honen zain, eta dena lehertu zen larunbatean.

Maia alkate ohia kexu azaldu da, Udaletxetik atera zirelarik iraindu zituztelako, eta zuk ez duzulako hori gaitzetsi. Zer erantzunen zenioke?

Enrique Maiari esanen nioke berak eta gainontzeko zinegotzi guztiek eskubidea dutela lasaitasuna, errespetua, begirunea izateko. Dudarik gabe. Baina halaber esanen nioke hauteskundeen ondoko ospakizunak ez ditugula guk asmatu. Adibidez, aspaldian, “Puyol, enano, habla en castellano” oihukatu zuten Madrilen. Nik irainik ez nuen entzun. Gehien errepikatu zen oihua “Agur UPN” izan zen, eta hori ez da irain bat. Ulertu behar da jendea zein pozik zegoen. Urte asko generaman honen zain. Oihuak eta abestiak izan ziren, baina festa giroan. Eta azkenik Maiari esanen nioke irainak entzun nahi bazituen Sarasate pasealekura joan zitekeela, hor asko izan ziren eta.

Zer moduz doa botere aldaketa prozesua Maiarekin eta bere taldearekin?

Trantsizio lasai bat nahi dugu, ez dugu bat-bateko erabakirik hartuko, eta gainera ez gatoz inolako mendeku nahiarekin. Gure lehentasuna da Udalak lanean segitzea, hiria ezin baita gelditu honegatik. Hamaika gauza zain daude, erabakien zain, eta horretarako lasaitasuna eta erantzukizuna behar ditugu. Maiak publikoki esan du berak ere aldaketa lasaia nahi duela. Esan digu bere jendearekin hitz egin duela aldaketa errazteko. Eta hala izatea espero dugu.

Lehen lan eguna duzu gaur alkate bezala. Zein ordutan iritsi zara Udaletxera? Nola doa eguna?

Udal areak hartuko dituzten zinegotziekin bilera 8:00etan finkaturik genuen. Garaiz iritsi naiz, baina eskaileretan komunikabideek harrapatu nauzue, eta berandutu naiz. Gaur agenda guztiak uztartu behar: komunikazioa, bilera teknikoak, bilera politikoak, denetarik.

Area bakoitza zein taldek hartuko duen erabaki al duzue?

Ari gara. Lehen akordioa izan da inbestidurarako akordio programatikoa. Bigarrena izan da gobernu batzordean sartzea talde guztiak: EH Bilduko 3, Geroa Baiko 3, Aranzadiko 2 eta Izquierda-Ezkerrako 1. Gobernu batzordea hala osatu dugu. Eta orain uztailaren hirura arte trantsizio epe bat eman diogu geure buruari, ikusteko indar bakoitzak zein areatan ikusten duen bere burua. Aurreko legealdietan ere halña egin da, esaterako, hiruko gobernuak udala utzi eta UPNk hartu zuenean.

Nafarroako Gobernuan ikusiko al dugu antzeko formularik?

Hala nahiko nuke. Udalerako hau nahi nuen formularik hoberena dela uste dudalako. Nik Udalean gobernu askotarikoa eta parte hartzailea nahi nuen. Eta Gobernurako, jakina, gauza bera nahi dut.

Akordio programatikoak 148 neurri zehatz biltzen ditu. Zeintzuk lehenetsiko dituzue legealdiko lehen txanpa honetan?

Parte hartzea zehar lerro bat izanen da gure agintaldian. Parte hartzea zabaldu behar dugu, poliki-poliki eta pazientziarekin, baina hasieratik nabaritu behar da hor aldaketa bat dagoela. Bestalde, hiriaren hitzordurik garrantzitsuena datorkigu orain: sanferminak. Eta hori ere prestatu behar dugu. Betiere ahaztu gabe gure lehentasun nagusiak lehentasun sozialak direla: pobrezia, etxebizitza eta abar.

Sanferminak aipatu dituzu. Zer gertatuko da ikurrinarekin Txupinazoan?

Ikurrina beti egon da Txupinazoan modu batean edo bestean. Aurten, beste batean egonen da. Gu gauden tokian ikurrina egonen da. Baina gauza bat ezin zaigu ahaztu: ikurrina Udaletxeko balkoi batean modu ofizial eta iraunkorrean egon ahal izateko, Parlamentuak Ikurren Legea aldatu behar du. Lege baztertzailea da, ikurrina baztertzeko ad hoc asmatua. Hori ahalik eta lasterren aldatu behar da.

Zure ondotik Txupin Etxepare ekimeneko kide Fernan Mendiola elkarrizketatuko dugu. Ba al duzu mezurik berarentzat?

Badut mezu bat Fernanentzat eta Iruñeko gizarte osoarentzat: txupinazoaren eta sanferminen inguruan azken urteotan azken hamarkadetan izan den joera bat aldatu nahi dugu, sanferminen instituzionalizazioa hain zuzen ere. Txupinazoa modu herrikoian sortu zen. Juanito Etxepare Aramendiari bururatu zitzaion suziri berezi bat botatzea sanferminei hasiera emateko. 1931tik 1936ra berak bota zuen, Udalaren baimenarekin. Gero fusilatu egin zuten, eta Etxeparerekin Txupinazoaren izaera herrikoi hori ere galdu genuen. Datorren urtetik aurrera, sanferminen mahaian eta eragile sozialekin-eta erabakiko dugu nola hautatu txupinazoa nork botako duen, modu parte hartzailean. Aurten ez dugu horretarako denborarik. Baina omendu nahi ditugu garai batean txupinazoari izaera herrikoi hori eman ziotenak. Guretzat ohore bat izanen litzateke omentzea Juanito Etxepare eta La Veleta peñakoak. Baina bestalde ezin zaigu ahaztu Iruñeko Orfeoiak 150 urte egiten dituela. Horiek uztartu nahi ditugu, eta formula egokiaren bila ari gara.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!