Bernart Etxepare ikastetxean itxialdia egin dute hainbat gurasok LOMCEren aurka

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 5a, 09:00

Bernart Etxepare ikastetxean itxialdia egin zuten unea. Argazkia: ehbildu txantrea.

Txantreako ikastetxean eman dute gaua hainbat gurasok. Irudian ikus daitekeenez, horietako zortzi teilatura igo dira.

Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek atzo ekin zioten LOMCE legeak ezartzen dituen errebalida frogak egiteari. Nafarroan, 6.724 haurrek egin beharko dituzte. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Ebaluazio arduradun Angel Sanzek adierazi duenez, "azterketak normaltasun osoz egin dituzte", eta "ez dute inolako arazo pedagogikorik egin".

Alta, protesta ugari izaten ari dira horien aurka. Atzo eguerdiko 12:00etan eta arratsaldeok 18:00etan Herrikoa eta Sortzen guraso elkarte plataformek protesta zaratatsuak egin zituzten Hezkuntza Departamentuaren aitzinean. Eta hainbat ikastetxeren parean elkarretaratzeak egin dituzte atzo zein gaur goizean. Txantreako Bernart Etxepare ikastetxean urrats bat harago egin dute, eta gaua ikastetxean itxita igaro dute zenbait gurasok. HOrietako zortzi teilatura igo dira.

Herrikoak eta Sortzenek salatu dutenez, "Nafarroako Gobernua LOMCeren errebalida inposatzen ari da"; izan ere, azterketok egitea derrigorrezkoa da, gurasoek ezin dute planto egin, eta Departamentuak ohartarazi du azterketa egiten ez duten irakasleei zigor espedientea eginen diete. Nolanahi ere, zenbait gurasok traba horiei iskin egiteko bidea aurkitu dute: haien seme-alabek azterketan izen abizenak idatzi dituzte, besterik ez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!