Lau lagun atxilotu dituzte gaur Iruñean, sanferminetako prozesioko gertakarien karietara. Goizean bi atxiloketaren berri izan dugu: Espainiako Polizia Nazionalak David Garcia atzeman du; eta Iruñeko Udaltzaingoak, Xabi Gartzia. Arratsaldean jakin da bazirela beste bi atxilotu Horietako bat Txema Urbiola da. Bestearen nortasuna oraindik ez dute zabaldu.
Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak jakinarazi du lauoi desordena publikoak eragitea eta autoritatearen aurkako leporatzen dietela, uztailaren 7ko prozesioaren karietara. Ordezkaritzak prentsa ohar batean dioenez, "udalbatzako kideek hainbat eraso jaso zituzten, esate baterako, irainak eta bultzakadak, eta gauza bera gertatu zitzaien udaltzainei".
Azken urteotan ohikoa denez, prozesioa Curia karrikatik igaro zelarik, hainbat herritarrek gogor egin zuten protesta UPNko udal aginte taldearen kontra, eta tentsio handiko uneak bizi izan ziren. Gertaturikoaren laburpena ikus daiteke behean, Ahotsa.info-ren bideoan.
Aldaketaren aurkako operazioa
Iruñea Askatasunez plataformaren idurikoz, gaurkoa "aldaketa politikoaren aurkako operazioa izan da" baina "ezinen dute herritarren borondatea gerarazi". Izan ere, "ezin da kasualitatea izan atxiloketok heltzea hauteskundeetarako hilabete eta erdi falta delarik". Plataformak gogor salatu du nafarrek pairatzen duten "salbuespen egoera", eta premiazkotzat jo du aldaketa politikoa lortzea, beste eredu bat irits dadin.