Udaltzainak prozesio ateoaren kontra oldartu dira eta pertsona bat atxilotu dute

Euskalerria Irratia 2015ko api. 3a, 21:08

Ahotsa.infok hartutako irudia

Beste zortzi parte hartzaile identifikatu zituzten udaltzainek. EH Bilduk poliziaren aktuazioari buruzko azalpenak eskatu ditu.

Ostegun gauean gazte talde batek ekitaldi erligiosoaren antza zuen prozesio ateo bat egin zuen Iruñeko Alde Zaharrean.
Udaltzaingoak gazte bat atxilotu eta beste zortzi identifikatu zituen komunikatu gabeko ekitaldia zela argudiatuz.  

Ahotsa.info agerkariak jakitera eman duenez, prozesioko partaideak saiatu ziren Katedraleraino irsiten, baina polizia ugari zegoela ikusita, Jarauta aldera jotzea erabaki zuten. Mercaderes kalean prozesioan zihoazen 30 bat pertsonen aurkako oldarraldi bortitza egin zuen udaltzaingoak, Ahotsa.infok dioen bezala. Atxilotua komisaldegira eraman ondoren aske utzi zuten. Iaz, Ostiral Santuaren egunean, beste protesta ekitaldi batean Aita Santuaren argazki bat erre zuten eta zazpi pertsona inputatuak izan ziren sentipen erligiosoaren aurkako delitua egin izana egotzita.

Eh Bildutik udaltzaingoaren jarrera gogor salatu du “onartezina” delako “kolpeka erantzutea ekintza baketsu batengatik.” Talde honek galdetzen du non dagoen adierazpen askatasuna eta UPNeko udal gobernuari eta Gabriel Viedma, zinegotziari, gertatutakoaren inguruko azalpenak eskatuko dizkio.

Honetaz gain dio justifikaezina dela “neurri errepresiboak eta guztiz neurrigabeak erabiltzen jarraitzea” eta ezinbestekoa “udaltzaingoaren eredu berri baten inguruko hausnarketa sakona egitea, Iruñeko hiritarren adierazpen askatasunaren kontrako jarrerak desager daitezen.”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!